GARA > Idatzia > Kirolak> Surf

itsasoa

Azkenaldian albiste nagusi bilakatu den Gibraltarreko kostaldean ere badira surf egiteko leku ederrak

Haritz LARRAÑAGA | GIBRALTAR

Azken asteotan albiste da Gibraltar. Espainiarren eta ingelesen arteko tirabirak ez dira gaur goizekoak, baina azkenaldian albistegietako protagonista bilakatu da “arroka”.

Albistearen muina zein den alde batera utzita, oso ohikoa izaten da surflarien artean halako edo bestelako lekuetan olaturik ba ote den eztabaidatzea. Beraz, Gibraltar hizpide dugula, ba al da olaturik Afrikako lurrekin muga egiten duen ingelesen mutur horretan?
Bai, badira olatuak Gibraltarren. Gainera, bitxia dirudien arren, itsaski onenak ez dira Atlantikotik datozenak, Mediterraneotik datozenak baizik. Izan ere, Atlantikotik datozen uhinek pasarte estu bat zeharkatu behar dute, Tarifa eta Ceuta artean; eta Mediterraneotik datozenek berriz, olatu politak sortzeko adinako distantzia egin ahal dute. Beraz, Mediterraneoan haizeak ekialdetik mendebaldera bultzatzen dituen uhinak olatu bikain bilaka daitezke Gibraltarreko kostaldera iristean.

Hamabi kilometroko kostaldea du Gibraltarrek, beraz bizikletan pare bat ordutan zeharkatzeko modukoa da. 30.000 biztanleko herrialde honetan ez da surf dendarik, baina bada elkarte bat. 2006. urtean sortu zen GSBA (Gibraltar Surfing and Bodyboarding Association) eta elkarteko surflari ezagunena Andy Warr da.

Gibraltarrek bi kostalde ditu: batetik, mendebaldea, oso jendetsua eta bizia da eta ez da surf egiteko egokia; eta bestetik, ekialdea, leku oso lasaia da, hondartza bakartiak ditu eta Mediterraneotik datozen uhinak jasotzen ditu. Surf egiteko leku egokiena ekialdea da. Caleta deitzen duten leku batean izaten dira olatu onenak, Gibraltarreko ipar-ekialdean, aireportutik gertu.

Caletaren hegoaldean, Sandy Bay aurkitzen da, itsaskiak daudenean olatu onak izaten diren lekua. Mediterraneotik datorren uhina bat-batean sakonera handiko uretatik sakonera oso gutxiko uretara igarotzen da eta horrek bodyboard zaleentzako egokiak diren olatu borobil eta indartsuak sortzen ditu. Beraz, Sandy Bay da surf egiteko leku aproposena Gibraltarren.

Neguan, surf egiteko aukera on bat izan daiteke Gibraltar. Ez ordea udan, zeren ez da ia itsaskirik izaten; eta gainera, goizeko hamarrak eta arratsaldeko zortziak artean surf egitea debekatuta dago.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo