GARA > Idatzia > Kirolak> Surf

Surflari Ernegatua

Arnasa hartzen ikasten

Hori da Anthony Ruffo surflari profesional ohiaren ingurukoak kontatzen dituen dokumentalaren izena, “Learning to Breathe”. Dokumental honetan olatu handietako zenbait surflari profesional eta “freesurfer” agertzen dira beren drogekiko menpekotasunaz hitz egiten. Pete Mel, Tyler Fox, Darryl Virostco edo Christian Fletcher bezalako surflariek beren esperientziak kontatzen dituzte.

Dokumental honetan sekretu bat omen zena argitaratzen omen da, surflari profesionalen egiazko izatea biluzten omen da, eta zer ote da ba orain artean ez genekien hori? Surflari profesionalen artean droga ilegalen erabilera oso hedatua dagoela. Tira, nik uste nuen berriak benetan originala izateko justu kontrakoa behar zuela, baina antza morboak saltzen du.

Ruffo, Santa Cruzeko surflari ezaguna da. Maverick's olatu beldurgarrian surf egiten hasi zen lehenetarikoa. Birritan droga trafikoagatik atxilotua izan zen, beraz mundu guztiak zekien zertan zebilen. 2010. urtean New Yorkeko desintoxikazio zentro batean izan zen eta handik atera ostean bere programa propioa osatu zuen, “arnasa hartzen” erakutsi nahi zuena.

Edozein eredu materialistak neurri gabe kontsumitzea du helburu (ez bitarteko) eta neurri gabe egin ohi den edozerk bezala bere arriskuak ditu. Arazoa beraz, ez da zer, baizik eta nola. Beraz metanfetamina edo kakahueteak izan, ohiturak baino arriskutsuagoak dira ideologiak. Kasu honetan kapitalista, eta zehatzago izateko, kapitalista protestantea (kalbinista).

Zeren denbora xahutzea bekatua den ikuspegi horretatik abiatu eta norberaren dramari etekina ateratzeko saiakera honen atzean egiaz borondate oneko saiakera bat dagoela sinesten duenak, jainkoan bakarrik ez, gizakiarengan ere sinesten du, eta hori lagunok... hori bai droga gogorra.   

Arnasa hartzen aspaldi ikasi genuen mundu hontara etorri eta lehen ipurdikoa eman zigutenean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo