GARA > Idatzia > Mundua

Brasileko abiadura handiko trenak arazo gehiegi dauzka aurrera atera ahal izateko

Ekainaz geroztik herrialdean egin diren zerbitzu publikoak hobetzearen aldeko mobilizazioen eta 2014ko urrian izango diren presidentetzarako hauteskundeen eraginez, Brasileko proiektua hiltzen ari da.

p016_f02.jpg

GARA | RIO DE JANEIRO

Aurreko astean berriz atzeratu dute Rio de Janeiro eta Sao Paulo hiriak lotuko dituen abiadura handiko trenaren lizitazioa, laugarren aldiz 2010az geroztik.

Gainera, azken hilabeteotan egin diren mobilizazioek ez diote inolako mesederik egiten proiektuari. Izan ere, herritarrek hezkuntzan, osasun sisteman eta garraio publikoan inbertsio gehiago egiteko exijitzen dute, eta abiadura handiko trena eraikitzeko lanak abian jartzeak baliabide publikorik gabe (edo askoz ere gutxiagorekin) utziko lituzke arlo horiek. Egungo agintariek 2014ko urriko hauteskundeak irabazteko aukera guztiak galduko lituzkete proiektu horrekin aurrera jarraituz gero. Horixe nabarmentzen dute oposizioko buruek.

Gainera, ustelkeriak zipriztindu egin ditu abiadura handiko trena eraikitzeko prest dauden konpainia batzuk, azken asteotan jakitera eman denez. Alemaniako Siemensek onartu du beste konpainia batzuekin (CAF Beasaingo tren konpainia barne) adostu zuela Sao Pauloko trenen mantenimendua. Beraien artean banatzen zituzten kontratuak, hori legez kontrakoa izan arren.

Frantses Estatuko Alstom, Kanadako Bombardier, Japoniako Mitsui eta espainol Estatuko CAF eta Temoinsa ere eskandalu horretan nahastuta daude, hau da, Rio eta Sao Paulo lotuko lituzkeen abiadura handiko trena eraiki nahi duten konpainietako batzuk.

Gobernuak proiektua aurrera ateratzeko asmoari eusten diola esan du Cesar Borges Garraio ministroak. Eta lehiaketa datorren urtean deituko dutela berriz. Hala ere, hori ezinezko ikusten dute begiraleek, gutxienez hauteskundeak egin arte. Bozketetan Dilma Rousseff egungo presidenteak karguari eusten badio, agian eutsiko dio proiektuari, baina Aecio Neves eskuindarrak eta Marina Silva ekologistak ez dute horrelako asmorik.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo