GARA > Idatzia > Kultura

UDATE | KRONIKA, donostiako piraten irrikitaldia

«Munilla»ren bedeinkapenarekin dantzan, festari gero arte esateko

Apezpikuaren bedeinkapenarekin, adin guztietako piratek Aste Nagusiari gero arte esan diote. Datorren urtean berriz kaian topo egingo dutela esan zioten elkarri, nahiz eta Lakuako sailburuak Karibera erbesteratu nahi dituen. Barcenas, Urquijo... ez zen inor falta.

p051_f01_148x092.jpg

p051_f02_148x096.jpg

Ainara LERTXUNDI

Armairuko arropa dotoreenak soinean jantzita, donostiarrek Bulebarreko kioskotik abiatuta Santa Maria elizaraino lagundu zioten udalbatzari, alkatea zela buru. Hitzordu berezia izan zen atzokoa. Aste Nagusiari agur esateko ezohiko osoko bilkura deituta baitzegoen eliza atarian.

Eguzkiak gogor jotzen zuen. Abanikoak eta garai bateko eguzkitako ponpoxoekin batera, perlazko koilareak, lumazko lepokoak eta pamelak nagusitu ziren emakumeen artean. Gizonezkoetan, gominarekin orraztutako ileak, sonbreiru tangeroak eta tirantedun alkandorak. Eta hantxe, donostiar peto-peto horien guztien artean, apezpiku jauna zegoen, Orrialde Horietako telefono-aurkibidea eskuetan, bere hitza eta usteak predikatzen.

«Jainkoaren gorpuak behartzen zaitu», «Sexua bekatua da» edo «Abortuak konplize asko ditu» bezalako esaldiak oihukatzen ari zela, ustekabean, Iruñeko «arrantzealeak» azaldu ziren, uztailaren 6an ospetsu egin zituzten kanaberarekin eta ikurrinarekin.
Udalbatzari bidea ireki zioten, Carlos Urquijoren Gobernu espainolaren ordezkariaren eta PPko zinegotzien haserrea eta protesta eraginez. Ondoan zituzten askok «Festa bai, politikarik ez», «Espainola bai, ikurrina ez» oihukatu zuten arren, Donostiara festara etorritako «arrantzaleak» ez ziren mugitu eta ikurrina Santa Maria elizaraino eramatea lortu zuten.

Bidean, dena den, udalbatzak beste geldialditxo bat egin behar izan zuen.Tentsio uneak bizi izan ziren. Kale Nagusiaren erdian, laranja koloredun kamisetak zeramatzaten hainbat gazte lurrean eseri ziren “Epaiketa politikorik ez. Luix Barzenas jauna askatu” lelodun pankartari eutsiz. Eskuetan, berriz, apirilean Auzitegi Gorenaren aginduz atxilotutako gazteen argazkiak eusten zituzten. Urquijo berehala azaldu zen «herri harresi» hori desegiteko «polizia autonomoa» non arraio zegoen galdetzen. Laster batean, Ertzaintza azaldu zen, akreditazioa hortz artean erakusten zuen kazetari baten kontra oldartuz.

Munillak ere «bitartekari» lana egin zuen «desde el respeto institucional». Gazteak arrastaka handik atera ondoren, elizarako bideari ekin zioten berriro.

Kostata baina azkenean zinegotziak beraien eserlekuetan eseri ziren. Alkate jaunak osoko bilkurari hasiera ematen zion bitartean, denbora pasan egunkaria irakurtzen zuen zinegotzia zegoen, baita jostailuzko autobus txiki batekin jolasean zebilena ere.

Atzokoan, aparteko gonbidatuek esku hartu zuten osoko bilkuran. Lakuako Itsas Portuetako sailburuak piratak Karibera erbesteratzeko proposamena bota zuen, datorren urtean La Flamenkan Donostiak, bere ospeari eusteko, merezi duen luxuzko jatetxea egingo baitute. Gainera, betiere piratazaleen onerako, kaian bainatzea oso arriskutsua dela, eta hortaz debekatuta dagoela argudiatu zuten. Baina piratek argi utzi zuten ez dutela Karibera joateko asmorik, eta 2014an ere, La Flamenka bere egingo dutela.

GARAri eginiko adierazpen esklusiboetan, Munillak Donostian oraindik ere «bekatari asko» daudela gaitzetsi zuen, «kristau onek» hirian «garbiketa lan handia» dutela nabarmenduz. «Infernuan erreko dira baina guk beraien bizitzaren benetako zentzua erakutsiko diegu», plazaratu zion egunkari honi bedeinkapenak banatuz angelusa errezatu ostean.

Alkatea, nekatua baino, pozik zegoen. Aurtengo jaien balorazio ezin hobea egin zuen. «Hemen bildu den jendetza ikustea besterik ez dago. Oposizioko taldeek kontrakoa esan arren, parte hartzea handia izan da. Eta ez ahaztu krisi garaian gaudela», nabarmendu zuen. Pozik etxeratu zen gainera Heineken garagardo markak oparitutako betaurreko berri eta «modernoekin». Nola ez, berde kolorekoak ziren.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo