GARA > Idatzia > Kultura

udate | ipar ekhian

Idazleen belaunaldia

Jon GARMENDIA | Idazlea

Eguzkitako betaurrekoak jantzita ibiltzen da karrikan barrena, ez bere begiak astro erregearen izpietatik babesteko, haiek jendeari ezkutatzeko baizik, ez baitu nahi bere begiekin elkartuko diren begi arrotzek bere egoera emozionalaren berri ukan dezaten. Eta begiradak elkartzen direnean hori gertatzen omen da. Galdetu ez duenari, erantzun egiten zaiola. Gainera, egun, bost axola dio besteek zer iritzi ukanen duten berarekiko. Eta horrek, nahi duen bezala jantzi eta eranzteko parada eskaini dio. Horrek, gehiegi estutzen zioten kate batzuk apurtzea ekarri dio, zama bat kendu duelako, eta arinago sentitzen da orain, libreago. Lehen ez zen hala, umetatik ikasi zuen besteek emandako txaloarekin poz hartzen, eta txalorik ez bazuen jasotzen, triste jartzen zen. Urte luzetan egin zuen hala. Konturatu zen arte bere zoriona besteen esku uztea zela hori, eta ez zela ari, bere-berea izan behar zuen sentimendu baten istorioa idazten. Idaztearena, metafora bat izatetik urrun baitago beretzat. Hala erran zion lagun bati, ostatuan, kafearen tenorea partekatzeko elkartu zirenean, haiena, idazleen belaunaldia zela, emozioak eta sentimenduak idatziz agertzen zituen jendearen mundu bitxia. Eta ulertarazteko, telefonoz edo emailez ari zirenean egiten zutena aipatu zion, irria idatzi egiten zutelako, eta agian, irririk egin gabe gainera, absurdoaren muga guztiak zeharkatuz. Idazten zuten kar kar kar horrek beti alai baleude bezala agertzen zituela, nekez aurkituko zuela halakorik negarrarena adierazteko, eta muxuak ere, hots arraroak idatziz, onomatopeien bidez adierazten zituztela, maitasunez betetako ezpainekin, haiek errealki ematera ausartu gabe.
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo