GARA > Idatzia > Iritzia> Jo puntua

Mikel Aramendi | Kazetaria

Irakasle axolagabeak eta zuhurregiak

 

Ez da ez batere erraza Egipton gertatzen ari denaren aurrean irribarre egitea. Errepresioaren biktimen kopuruak izugarriak dira jada, eta hozkeria latza behar da horren aurrean ez asaldatzeko. Giza-kostuei ezikusiarena egin eta realpolitik-aren kalkuluak hobesten dituenak berriz, hobe du kontuak ondo atera, honelakoak gaizki, oso gaizki amaitu ohi baitira gehienetan; indarraren arrazoibideak oso muga estuak ditu. Eta gero, «estetikaren» arazoak ere hortxe leudeke: Franco, Pinochet, Zia-ul-Haq edo Nezzar jeneralen berraragitzea besterik ez dirudien Al-Sissi jeneralaren kolpea munduko kolperik zentzuzkoena izan balitz ere... haren alde hitz egiteko azala duten horiekin (Arabia eta Golkoko piztiak, Assad, Maliki...) bat egiteak ere zer pentsatua eman behar luke. Eta, kontuz, nik behintzat nahiago ditut kasik horiek, «alde biei» hau eta bestea eskatuz ari diren beste batzuen aldean... denek ardura, erantzukizun eta legitimitate berdinak balituzte bezala. Estatu kolpe arrunt baten aurrean ez bageunde bezala.

Baina, hala ere, irribarrea ahoratu zitzaidan lehengoan Txinako hedabide nagusien Mendebalderako bertsioetan Egiptoko sarraski horretaz esaten zena begiztatu nuenean. Oso tenore ezberdineko arrazoibideak erabiliz, gogoeta berdintsura biltzen zirela iruditu zitzaidan. Kasualitatea izan zitekeen. Edo ez. Ez zegoen argi «noren alde» zeuden, «Egiptoko herria» bezain egitate gandutsuak nahikotzat hartzen ez baditugu behintzat. Aldiz, oso argi zegoen «zeren kontra» zeuden: «mendebaldar ereduko demokraziaren» porrota dela Egiptokoa ebazten zuten denek. «Mendebaldea, irakasle axolagabearen modukoa da», zioen «Global Times»-ek. Eta jarraian, «zuhurtziaz» betetako irakaspen hau: «Egiptiar gizarteak bere irizpidea eta ahalbide politikoa eduki behar du herrialdearen barneko interes gatazka larriak bere kabuz erabakitzeko. Zoritxarrez, ez du halakorik. Haurrak bezain inozoa eta burugabea izaten ari da. Egiptiarrek sosegatu eta gogoeta egin behar dute». To!

Baina, nire irribarrea, esaten zutenagatik baino gehiago zetorren esan gabe zerabiltenagatik: inork ez zuen aipatzen 25. urteurrena betetzear duen Tiananmeneko protesta eta errepresioa. Kairoko sarraskiaren aurrekaririk argiena, kasu bien arteko aldeak alde. Hausnar-bide perifrastikoen bitartez, ordea, han zebilen: «1990eko hamarkadan Errusiak larrutik ordainduta erakutsi bazion Txinari bidea...» idazten zuen batek Social Outlook webean. Argi zegoen etxerako irakurketa egiten zutela.

Beharbada, horretan bat egin behar genuke txinatar «zuhurrekin», eta etxerako gogoeta egin. Baina geure «demokrazia eredua» edota irakaskuntzarako gaitasuna bezalako gai potoloak beste baterako utzi eta gauza zehatzagoei lotuz. Adibidez: estatu kolpea jo eta milaka pertsona zukutzen ari den armada, Ameriketako Estatu Batuek ordainduta dago, hein handi batean; noiz arte? Edota, kolpista horiek bahituta daukaten lehendakaria bere ziega klandestinoan ikuskatzera joan den Ashton andereak oraindik ez du dimititu; zergatik? Egin zuena normala dela uste duelako, agian?

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo