GARA > Idatzia > Kultura

UDATE

Sei proiektuk amaiera bilatuko dute Zinema Eraikitzen sailean

Argentina, Txile eta Kolonbiatik etorritako sei lan aurkeztuko dira 61. Zinemaldian ospatuko den Zinema Eraikitzen sailean. Gainera, II. Europa-Latinoamerika Koprodukzio Foroarekin bat egingo du zikloak, hiru eguneko iraupena izango baitu aurten lehen aldiz.

p046_f02.jpg

GARA | DONOSTIA

Aurtengo 61. Zinemaldia osatzen doa pixkaka-pixkaka eta atzo Zinema Eraikitzen saileko parte hartzaileak ezagutu ziren. Gainera, aste honetan bertan Sail Ofizialeko izenburu gehiago eta beste sorpresaren bat edo beste jakin ahal izango dira. Ostiralean, bestetik, Zinemirako partaideak emango dira ezagutzera.

Aurten, lehen aldiz, hiru eguneko iraupena izango du Zinema Eraikitzen zikloak, irailaren 23tik 25era bitartean, eta, ondorioz, II. Europa-Latinoamerika Koprodukzio Foroarekin bat egingo du. Hamasei herrialdetako 82 proiektu jaso ditu antolakuntzak (Alemania, Argentina, Bolivia, Brasil, Txile, Kolonbia, Costa Rica, Ekuador, Estatu espainola, Estatu frantsesa, Guatemala, Mexiko, Paraguai, Peru, Uruguai eta Venezuela), baina, azkenean, sei lan bakarrik hautatu ditu zikloan parte hartzeko.

Immigrazioa eta giza borroka

24. edizio honetan aurkeztuko diren izenburuen artean «La comodidad en la distancia» (Txile), Jorge Yacoman Saavedra zuzendariarena, aurkeztuko da. Bertan, familia oneko 24 urteko unibertsitate ikasle ohi bat Santiago hiriko kaleetan barrera ibiliko da, aitak kalean utzi baitu. Egoera horretan etxe berri baten bila arituko da eta gaixotasun arraro baten tormentuak jasango ditu.

«Historia del miedo» (Argentina-Uruguai-Estatu frantsesa-Alemania), Benjamin Naishtat zuzendariarena da. Bertan, gizarte-klase ezberdinetako kideen bizitzak ezagutuko ditugu, bai auzo pobre eta kaotiko batean bizi direnenak bai auzo aberats batean bizi direnenak.

Alejandro Fernandez Almendras zuzendariak Horizontes Latinos sailean hartu zuen parte 2009an «Huacho» filmarekin eta Zabaltegi-Zuzendari Berriak sailean 2011n «Sentados frente al fuego lanarekin». Aurten «Matar a un hombre» (Txile-Estatu frantsesa) lana aurkeztu du; bertan, bere familia babesteko, justizia bere esku hartzera behartuta ikusiko du bere burua Jorge protagonistak. Filma finantzatzeko laguntza gisa, Locarnoko zinema jaialdiko Carte Blanche saria irabazi zuen.

«La Salada» (Argentina), Juan Martin Hsu zuzendariaren lana da. Bertan, Argentinako immigrante berrien esperientziari buruzko mosaiko bat erakutsiko du zuzendariak. Izan ere, La Salada azokan gertatzen diren hiru istorio ezberdinen inguruan eraikiko da filma. Martin Mejia Rugelesen «Nacimiento» (Kolonbia) eta Andre Salaren «Pantanal» (Argentina), azkenik, haur baten jaiotzak ekartzen dituen aldaketen gaineko lana eta fikzioaren eta dokumentalaren arteko road movie-a dira.

Zinema Eraikitzen programaren helburua amaitu gabe daude filmei postprodukzioa egiteko aukera ematea da. Horretarako hainbat enpresek ikuskatuko dituzte lanak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo