GARA > Idatzia > Kultura

UDATE

Donostiaren suntsiketa gogoan, bi egun ekitaldiz beteko dituzte

Abuztuaren 31 aspalditik da egun berezia Donostian, egun horretan lortu baitzuten tropa ingelesek eta portugaldarrek hiria suntsitzea. Hala ere, aurten 200 urte betetzen dira gertaera horretatik, eta elkarte ugarik euren lana batu dute ohiko ekintzez gain beste asko prestatzeko abuztuaren 30ean eta 31n. Musika eta dantza izango dira nagusi.

p048_f02.jpg

Nagore BELASTEGI | DONOSTIA

Donostiako Orfeoiaren, Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren, Verdini eta Kresala dantza taldeen emanaldiek, antzezpen historikoek eta kanoi-danbadek hartuko dituzte, beste ekintza askorekin batera, Donostiako kaleak, abuztuaren 30ean eta 31n.

Izan ere, berrehun urte bete dira, zehazki, tropa ingelesak eta portugaldarrak harresiak apurtuz hirian sartu zirenetik. Etxeak erre zituzten, balioa zuen guztia lapurtu zuten eta hiritarrak bortxatu zituzten. Baina egun batzuk pasatu ostean, donostiarrak elkarlanean hasi ziren hiria berpizteko. Urtarriletik hona, hilero, ekintza ugari prestatu dituzte, eta urte amaierara arte jarraituko du egitarauak, baina abuztu amaierako ospakizunak izango dira garrantzitsuenak.

Abuztuaren 31n hirian gertatutako sarraskia urtero oroitu ohi dute donostiarrek, baina urte hau berezia denez egitarau oparoa prestatu dute. Juan Karlos Izagirre alkateak azaldu bezala, hiritarrek proposaturiko ekitaldiak dira. Hilaren 30ean 18.00etan hasiko da ospakizuna, Donostiako Orfeoiak Santa Maria basilikan eskainiko duen kontzertuarekin. Bertan, obra berri bat aurkeztuko dute, aurrerantzean suntsiketaren bigarren mendeurreneko himnoa izango dena: Tomas Aragüesek konposatutako «Suak pizturik dirau». Hitzak Beñat Gaztelumendi bertsolariak jarri ditu, eta honakoa dio pasarte batek: «hiri bat ez delako / bi etxe, lau horma / hiri bat osatzen da / pertsonaz pertsona». Ideia horri, lankidetzan aritu beharrari, irmoki heldu diote azken urte honetan donostiarrek, eta gertakizuna ikertu eta ezagutzera emateko asmoz prestatu dituzte orain arteko ekintza guztiak.

Himnoarekin batera, mendeurrenerako bereziki sortutako beste pieza bat da Kresala eta Verdini dantza taldeek eskainiko duten «Hala ere» ikuskizuna. Dantzan arituko diren 34 pertsonekin batera, klown pare batek hartuko dute parte, emanaldiari umore puntua jarriz; Pasealeku Berriko Jorge Oteizaren eskulturaren inguruan izango da, 21.00etan.

Gauari amaiera emateko, Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren kontzertua izango da Konstituzio plazan, 22.30ean. Urteurrenerako espresuki aukeratutako errepertorioa eskainiko du, eta jarraian, Hiriaren Urrezko Domina emango dio alkateak.

San Bizente elizan, aldiz, Suberri esku-soinu orkestraren eta Aita Donostia abesbatzaren kontzertua izango dira 20.00etan.

Egun handian, denak batera

Abuztuaren 31 izango da ospakizunen egun handia. 10.45ean kanpaiak joko dituzte ospakizuna hasi dela iragartzeko, eta horren atzetik biktimen aldeko meza emango dute Santa Marian, hiriko zenbait abesbatzak eta musikarik parte hartuta, esaterako, Ainhoa Artetak. Goizean kanoi eta danbor hotsak zabalduko dira Alde Zaharrean, batetik bestera ibiliko baitira «soldaduak». 18.00etan hasiko den oroitzazko desfilea amaitzean, hiriaren harrapaketa antzeztuko dute Bretxan hasi, eta bertatik, auzoan barrena jarraituz.

20.00etan bigarren mendeurreneko ospakizunek Musika Hamabostaldiarekin bat egingo dute, eta Kursaalen Mahlerren «Berpizkundearen sinfonia» eskainiko dute Donostiako Orfeoiak eta Galiziako Orkestra Sinfonikoak. Patric Alfaya Hamabostaldiaren zuzendariak azaldu bezala, «edizio hau berezia izatea nahi genuen, ospakizunarekin zerikusia izatea. Horregatik, duela 200 urteko donostiarretatik atera genuen inspirazioa eta programa osatu genuen».

Unerik bereziena 22.00etan hasiko da. Azken 40 urteetan egin den bezala, Abuztuaren 31 kaleko argiak itzali eta kandelak piztuko dituzte. 1813ko Abuztuaren 31 Oroimena elkarteak antolatu ohi du ekitaldi hau eta aurten ere hala izango da. «Normalean 3.000 kandela ateratzen dira, aurten 5.000 izango dira - kontatu zuen Jon Otxoa elkarteko kideak-. Desfilean parte hartzeko gonbidapena luzatu genien udaleko talde politikoei eta denek baiezkoa eman ziguten». Ordubetean Santa Ceciliako eta Gaztelupeko abesbatzek eta Orfeoi Txikiak emanaldia eskainiko dute, eta Goizaldi dantza taldeak Donostiako Martxa dantzatuko du. Eguraldi ona bada, globo aerostatiko bat ere aireratuko da. 23.00etan, Donostia Sutan taldeak gertakizunaren inguruko antzezlana eskainiko du.

Hiriaren historia hobeto ezagutzeko aukera

Euskal Herriko Unibertsitateak urtero antolatzen dituen Uda Ikastaroetan ere 1813ko gertaerek lekua izan dute. Fito Rodriguez Filosofia eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko irakaslearen gidaritzapean, «Napoleon garaiko gerrak eta 1813ko Donostiako suntsiketa» ikastaroa egiten ari dira aste honetan. Aditu bakoitzak bere ikuspuntua eskaini du. Aranzadi elkarteko historialaria den Iñaki Egañak gertaeraren nondik norakoen berri eman zuen, Francisco Etxeberria medikuak napoleondar gerretan hildako pertsonen gorpuak berreskuratzeko premia nabarmendu zuen eta Mikel Sorauren Nabarralde Ikaskuntza Elkarteko kideak Donostiako erasoa Nafarroan izandakoekin lotu zuen. Era berean, Iñigo Bolinaga historialariak berdina egin zuen Ipar Euskal Herriko garaiko gerrateak aipatzean. Fito Rodriguez ikastaroaren zuzendariak garai hartako ideologia eta kulturaren egoeraren inguruko gogoeta egin zuen, eta Jerardo Elortza Mondragon Unibertsitateko irakasle ohiak euskal kulturan sakondu zuen. Gaur, Xose Estevez eta Jose Luis Orella Deustuko irakasleen, Angel Rekalde Nabarralde Ikaskuntza Elkarteko kidearen eta Aitziber Etxeberria idazlearen txanda izango da. Datorren astean 1813ko Independentzia Gerraren inguruko beste ikastaro bat hasiko da, gaztelaniaz.

N.B.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo