UDATE | BILBOKO ASTE NAGUSIA
Originaltasuna, umorea eta kritika soziala eskutik heldu dira Areatzara
Urtero bezala, konpartsek zorroztasunaren, umore finaren eta irudimenaren bidetik jo dute euren txosnetako muntaketa eta apainketa egiteko. Azken urteetan bezala, krisi ekonomiko eta politikoa protagonista nagusia da irudi gehienetan, baina bestelako errebindikazio eta salaketarako esparrua ere badago Areatzan.
Mikel PASTOR
Udaletxearen pareko zubitik gertu kokatzen den Txomin Barullotik Arriagaren atzealdean dagoen Kaskagorriraino, konpartsen txosnek errealitatea ulertzeko modu berezia erakusten dute beraien muntaketaren bidez. Boterearen kontrako borroka, jai herrikoi eta parte-hartzaileen apologia, eta umorea, umorea beti.Txomin Barullok, esaterako, taldearen ikonoa den Groucho Marx zenbait pertsonaia gisa karakterizatu du. Haren alboan, Mamiki konpartsa feministak Pussy Riot talde errusiarrari omenaldia egin nahi izan dio, haien askatasuna eskatuz. Era berean, Marijaia irudikatu dute matxismoa oso-osorik irensten.
Hontzak konpartsakoek, beti bezala, kristoren lana egin dute muntaketaren arloan. Aurtengoan, Juan Karlos Borboikoaren kontra, eta oro har, monarkiaren sinboloen kontra egin dute. Hauek kentzeko lau aukera eskaini die CNTko konpartsak gerturatzen den bisitari orori: INEMera bidali, aizkora erabili, gillotinatik pasatu, edota garrote bidez haiek akabatu. Momentuz, garrotea buruan zegoen. Bestalde, Carlos Urquijo pertsonaia «maitatuaren» erretratu erraldoia ere badago txosnan, «Bobo? ¿Quién es Bobo?» bunbuiloa duelarik.
Areatzako erriberatik jarraituz, Pinpilinpauxak Gargantua faltan botatzen duela jakin dezakegu. Bizizaleak konpartsa ekologistak, bere aldetik, zinemaren mundua jorratu du aurtengoan, tartean zenbait hondamendi naturalen datak azpimarratuz. Gertu, SinKuartel konpartsa antimilitaristan, mezu zuzen eta argia bidali dute: kapitalismoa eta militarismoa jo-puntuan dituzten bi diana handi.
Mekauen! konpartsa internazionalistak «erresistentziaren orkestra» osatu du Aste Nagusirako, historiako iraultzaile nabarmenekin, tartean Fidel Castro edo Angela Davis.
Ukatutako begiak
Txori Barrotek, bestalde, Bilboko mapa marraztu du txosnan, Botxo osoan zehar hiriburuko euskal preso politikoen argazki guztiak jarriz. Guztien erdian, nabarmen, esaldi argigarria: «Guk be ez doguz argazkietan gure».
Horren aurrean dagoen Eguzkizaleak konpartsak, aldiz, landarez eta ortuetako produktuz jositako txosta muntatu du. Pasa den urtean muntaketarik onenari ematen zaion kanpaiaren irabazleak originaltasunaren bidetik jo du oraingoan.
Aurreko biekin batera Euskalgunea osatzen duten beste bi konpartsek ere –Hor Dago Abante! eta Hau Pittu Hau!– muntaketa ederra egin dute. Abanteren kasuan, aste honetan izandako bero handiko egun astun horiei aurre egiteko jartzen duten elefante itxurako ur-jaurtitzailea mantendu dute, eta konpartsa euskaltzaleak Bilboko zenbait sinbolo izoztu ditu, Azkunak eta oro har, EAJk martxan jarritako hiri ereduari kritika fina eginez.
Areatzako zubirantz gerturatuz, Satorrak konpartsarekin egingo dugu topo. Kasu honetan, joko ezagun bat margotu dute, hain zuzen, taldeari izena ematen dion animalia mailuaz kolpatu behar dena, baina kasu honetan, jipoitu beharrekoak Rajoy, Barcenas eta konpainia dira.
Altxa Porruek sistemari kritika egin nahi izan dio, eta horretarako, kapitalismoari munstro berde itsusi baten papera eman dio, beso batean Carlos Urquijo Madrilgo ordezkari eta guzti. Honen aurreko txosnan, besteak beste Ondarroan eta Donostian hain ezagun eta garrantzitsu bihurtu zen herri-harresia irudikatu dute, konpartsakide eta norbanakoez osatua.
Moskotarrak konpartsakoek Madrileko kongresura begira egin dituzte kritikak, bertako tabernetako prezioekin eta alkoholaren kontsumoarekin jokoa eginez. Era berean, beti egiten duen bezala, Athletici ere tokia egin dio. Aurten, Clemente entrenatzailearen aginduetara hamaikako berezia jarri dute, talde zuri-gorriaren historiako jokalari onenez osatua. Garaipena ziur.
Arriaga antzokiaren inguruetara etorriz, Irrintzik omenaldia egin nahi izan dio San Mames futbol zelai zaharrari, zerura bidaliz, jainkoaren gozamenerako. Karpagunean, Pa...Ya-koek «Linea 3 terror» izendatu dute Bilboko metroaren hirugarren trenbidea, Otxarkoagatik, konpartsaren jatorriko auzotik, pasatzen dena.
Haren alboan, Askapenak omenaldi bikaina egin dio pasa den martxoan bizia galdu zuen Hugo Chavez komandanteari. Venezuelako bandera erraldoi baten aurrean, kontserbadoreei dozenaka hauteskunde irabazi zizkien iraultzailea ageri da, ukabila altxatuta.
Kobetamendikoek gogor jo dute Bilboko eta Bizkaiko gestioaren kontra, Supersurren, alkateen bilkuran, edo bestelakoetan xahututako milioiak gogora ekarriz. Kaixok, ildo beretik, gogor egin du Azkuna alkatearen kontra, ehizatutako balea gisa irudikatuz.
Azkenik, Kaskagorri gazte konpartsak belaunaldi oso batek ikusi zuen “Dragoi bola” marrazki bizidun mitikoen inguruan antolatu du muntaia aurten.
Iragana beti hobe
Irudi eta mezu horiek guztiak jairako agertoki bikaina bihurtzen dira eguzkia ezkutatzen denean. Aurten ere ehunka dira kolore ezberdinetako betaurrekoak, diskoak, txanoak edota edozein motatako janariak saltzen dituzten kale saltzaileak.
Giroari dagokionez, azpimarragarria da parranderoak aspaldiko abestiekiko duen zaletasuna. Ez da batere arraroa edozein konpartsatan MCD, La Polla Records edota Eskorbuto jartzean kuadrilla, gazte zein zahar, zoratzea.