GARA > Idatzia > Ekonomia

Haize berriak iritsi dira Altzolako uretara, emaria indarberritu asmoz

Kristalezko botiletan eta kortxoarekin aurki dezagu gaur egun Altzolako Ura. Enpresak duela urte batzuk pairatutako krisiaren ondorioz eta negozioari buelta eman nahian, produktuari bilgarri berezia jarri nahi izan dio inbertsore berriak. Edukia, ordea, 1776an haur talde batek aurkitutako iturburutik datorren Izarraitzeko ur berbera da.

p025_f01_53424.jpg

p025_f02_56382.jpg

Iraia OIARZABAL

Egunkari paperean bildutako Rolex bat daukazue hemen», horixe izan zen Altzolako Ura enpresaren inbertsore berriak zuzendaritzari esandakoa, duela urte bat Elgoibarko Altzola auzoko lantegi aitzindaria indarberritzeko erabakia hartu zuenean. Krisiak eta inbertsio faltak egoera larrian jarri zuten Altzola eta 2012ko uztailean, borondatezko hartzekodunen lehiaketa aurkeztu zuen. Irailean, enpresan interesatutako inbertsore andaluza sartu zen egoerari «buelta eman» nahian. Altzolako parajeak eta uraren iturburua ikusita, inbertsorea «maitemindu» egin zela aitortu dute Pablo Benito zuzendari-gerenteak eta Asier Zabarte komunikazio arduradunak.

Inguruneak badu berezitasunik, enpresa bere garaian bainuetxea izandako eraikinean baitago kokatuta, Altzolako Uraren iturburu gainean hain zuzen ere. 1843an herri-onura izendatu eta 1846an jarri zuten martxan bainuetxea, 1976an ateak itxi zituen arte. Zabarte eta Benitok azaldutakoaren arabera, Altzola enpresa ura ustiatzen hasi zenean, bainuetxea botatzeko aukera jarri zen mahai gainean, baina kultur ondare gisa izendatuta zegoenez, ezin izan zen eraitsi eta bertan ekin zioten negozioari. Hortaz, produkzio guneak, almazenak eta bulegoak bainuetxeak zituen gela ezberdinetan daude kokatuta. Instalazioak zaharkituta egoteak zailtasunak dakartzan arren eta zenbait berrikuntza beharrezko izango baditu ere, xarma berezia ematen dio enpresari.

Inbertsore berriaren sarrerarekin, estrategia berria garantzen ari da Altzola, behinik behin produktibitatea handitu eta merkatu berrietara zabaltzeko xedez. Horretarako, ezinbestekoa jotzen dute makinen gaitasuna hobetzea eta makineria berria eskuratzea. Ildo horretan, hiru milioi euroko inbertsioa egiteko plangintza aurkeztu zuten, eta, horietatik, milioi bat inbertitu dute azken urte honetan makinerian eta produktuaren eraldaketan.

Oinarria mantenduz, dotorezia landu

«Bide berriak zabaltzeko lanetan ari gara. Ez da erraza, momentu zaila da, baina gauza berriak lortzen ari gara», dio Benitok itxaropentsu. Enpresako beste hamabi langilerekin batera, bere etorkizuna kolokan ikusten zuen orain urte bat eta egitasmo berriak enpresari irtenbidea emateko aukera parez pare zabaldu dielakoan dago. Gaur egun hamabost langile ditu enpresak, azken urtean bi pertsona berri sartu baitira. Aurrera begira, eta salmentak espero bezain beste igotzen badira, 30 edo 40 langilera heltzea aurreikusten dute.

Merkaturatzeari dagokionez, apurka hedatzen hasi dira. Gehienbat Euskal Herrian saltzen da Altzolako Ura, Gipuzkoan eta Bizkaian bereziki. Estatu mailan, Errioxa, Kantabria, Andaluzia eta Madrilera ere iritsi dira; Europara zabaltzea da hurrengo erronka. Bitxikeria modura, jabetzaren kontaktu baten bitartez, Txinan saltzen hasi direla aipatzen du Benitok; txinatarrek Europako produktuak erosteko daukaten gutiziaren ondorio.

Salmentak zenbat handitu beharko lituzketen irudikatzeko konparaketa egiten du Benitok. Iturriak, berez, 80 milioi litro ematen ditu urtean, eta, gaur egun, 10 milioi inguru saltzen dira. Salmentak handitzeko tartea handia bada ere, urratu ezinezko muga ezarri du zuzendaritzak; iturriak berez ematen duen ura baino ez dela ustiatuko, alegia. «Jabetza berriari jarritako baldintza bat izan zen hori, emari naturala errespetatuko zela, gehiegi ustiatu gabe», nabarmendu du Zabartek. Momentu honetan funtzionamenduan dauzkaten hiru makinek (kristalezko zein plastikozko botilentzako eta bidoientzako) orduko 17.000 botila inguru betetzen dituzte. Plastikozko botilen kasuan, azken urtean produkzioa bikoiztu egin dute, eta, bidoien kasuan, hirukoiztu.

Bestalde, produktuari berari itxura berria eman nahi izan diote, kalitatea eta dotorezia uztartuz. Urak hogei urteko ibilbidea egiten du Izarraitzeko iturburutik Altzolako iturriraino eta botilaratzen den arte. Gainera, uraren propietateak bereziak direla azpimarratu dute, bidaia luze baten ostean beti tenperatura berdinean iristen baita iturrira, 29 gradutan, lur sakonetatik datorren seinale. «1843tik ona, datuak jasotzen hasi zirenetik, uraren konposizioa ez da aldatu», dio Zabartek, uholdeek, lehorteek edota egoera klimatologikoak medio uraren berezitasuna bere horretan mantendu dela nabarmenduz. Horregatik, itxuraz ere bereizgarri egin nahi izan dute Altzolako Ura, eta, ohiko plastiko botilez gain, kristaleko botiletan eta kortxoarekin ere merkaturatzen dute, ardo botila on bat gogora ekarri nahian.

«Basque water-Altzolako ura» izendapena ere garatu dute, mendetako emariaren izena munduan zehar zabaldu asmoz.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo