GARA > Idatzia > Kultura

HAUR LITERATURA

Desioen haziak

p055_f01.jpg

Xabier ETXANIZ

Neskatila bat dugu «Izeko Eli eta biok» istorioaren narratzailea; izenburutik bertatik ageri den bezala lehen pertsona erabiliz narraturiko istorioko protagonista. Izeko Eli oso emakume berezia da, ez bakarrik ilobarekin duen jarrera eta jokabideagatik, umore eta arreta handia eskainiz ari baita denbora guztian; izeba bidaiaria dugu, munduko mutur batetik bestera herrialde txiroetan ibiltzen den emakumea.

Hasieratik bertatik, ipuinaren lehen lerrotik, azpimarratzen da izeko eta ilobaren arteko harreman berezia: «Izeko guztiak kuttun-kuttunak ditut, baina bada bat kuttunetan kuttunena: izeko Eli. (...) bera da `moñoña' deitzen didan bakarra. Berak beste inork ez dizkit Ferrero Rocher bonboiak oparitzen nota onak ateratzen ditudanean. Gainera, txantxak gustatzen zaizkio eta umorearen katilua gainezka izaten du noiznahi. Bestalde, txiki-txikitan, amatxo lanean ibiltzen zen egunetan, berak zaintzen ninduen».

Izekok narratzailearekin jolasten du eta harreman estu horrek jarraipena du izekok bidaietatik ekarritako oparien bidez (txilaba, mexikar-kapela, lorezko lepokoa, arkua...). Obaba-Ibibi-Bobo Tanzaniako buruzagiak emandako zuhaixka-hazi bereziak ekartzean izekok zuhaixka horiek bi desio edo nahi eman ditzaketela esaten dio ilobari. Eta zalantzazko oparia dena, itxaropen eta desioen zuhaixka bilatuko da izeko Haitin lurrikara ikaragarriaren erdian harrapaturik geratzen denean.

Estilo arin eta bizian, neskatilaren ikuspuntutik ongi narraturik, Olasok lortu du istorio entretenigarri eta hunkigarria idaztea. Nahiko azkar irakurtzen da, kapitulu laburretan egituratuta dago eta istorioak aurrera egin ahala tentsioa ere areagotzen da irakurlea harrapatuz. Beraz, «Izeko Eli eta biok» istorio gomendagarria iruditzen zaigula esan dezakegu; gomendagarria ez kontatzen duenagatik bakarrik, baita -aurreko adibidean ikusi ahal izan den bezala- kontatzeko eragatik ere.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo