GARA > Idatzia > Iritzia> Zorroztarria

Inazio MURUA

Marratxo ziztrin baten garrantzia

Mamu bat dabil Bilbon zehar: Urquijoren mamua. Bilboko indar guztiak gurutzada santuan batu dira espiritu hori urratze aldera: EAJ eta ezker abertzalea, pregoilaria eta konpartsak, bertakoak eta bisitariak» (Manifestu Antiterrorista).

Espiritu minbera, gero, Urquijorena. «Morroi hori ez duk naturala, ikusi besterik ez zagok», esango luke nire lagun intolerante batek. Ordezkari espainolak ezer erakutsi badu, ordea, bere jarrera tolerantea erakutsi du, Bilboko suziria nork bota behar duen erabakitzea ez dagokiola berari aitortuta. Hori bai, nork ez duen bota behar erabakitzea dagokio, baita Arriagako balkoian nork egon behar ez duen ere, jendeak nola jantzi behar duen ez baina nola jantzi behar ez duen esatea dagokion bezala. Protagonismo kontua da. Eta protagonismoa nork bereganatu behar duen erabakitzea ez dagokion arren, nork bereganatu behar ez duen, bai. Hala ere, gauzak zer diren, protagonismoa Jone Artolak bereganatzea saihestuko zuela erabaki zuen eta txupinazoa baino lehen, bitartean eta ondoren huraxe izan da Aste Nagusiko protagonista, konpartsei, pregoilariari, bilbotarrei eta, batez ere, Urquijori esker.

Aste Nagusiko ez baina udako protagonistak, bestalde, erakutsi du, tolerantea ez ezik, langilea ere badela. Laudioko eta Bilboko jaiak blaitzen bukatu gabe, haren espirituak Gipuzkoa aldera egin du. Urquijo buru duen Ordezkaritzaren txosten baten arabera, Igeldoko galdeketa egiteko baimena eskatu beharko dio Gipuzkoak Madrilgo Gobernuari. Galdeketa hori ere biktimak iraintzea baita, nonbait, edo terrorismoa goratzea, edo biak. Eta galdeketak Supermanen sostengua izango balu? Edo Lady Gagarena? Are hobeto, Munillaren aginpide morala aldeko balu...? Gustura jakingo nuke potrorik dagoen haren aginpide morala urratzeko. Izan ere, Munillaren aginpide morala Espiritu Santuak inspiratua da.

Nolanahi ere, gehiegizkoa dirudi espiritu inflazio honek. Gauzek horrela jarraituz gero, ez dira aldatuko, eta aldatu ezean, beharbada mamu-ehiztariak kontratatu beharko ditugu. Eta erreparatu marratxoari, ez baitira gauza bera «mamu-ehiztaria» eta «mamu ehiztaria». Mamu-ehiztariak «Ghostbusters» filmeko protagonistak dira, eta mamu ehiztaria, esate baterako, Urquijo.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo