GARA > Idatzia > Kultura

UDATE | BILBOKO ASTE NAGUSIA

Marijaiaren lagunak, alkandorak astinduz

p062_f02.jpg

Markel BILBAO

Hasta cuando, hasta siempre. Porque el que murió peleando, ¡¡vive!!». FARCeko gerrillarien aldarriak «Basque of Brixton», The Clash taldearen «Guns of Brixton» kantaren moldaketaren akordeekin, nahasten dira. Introa sartu du soinu teknikariak mahaitik eta prest daude kamera eta mikrofono guztiak. Euskalgunea beterik dago. Arratsaldeko zortzi eta erdiak dira. Itziarren Semeak candela emateko gogotsu atera dira koadrodun alkandorak jantzita.

«Igo bolumena» oihukatzen dute lehen kantuan, «Demokraziaren seme-alabak» gara eta «nahiz eta kartzelara sartu, ez gara aldatuko». Izerdia eta berotasuna nabaritzen dira, eta publikoarekin batera dantzatzeko ordua iritsi da. Hitzorduak ez du hutsik egiten. Taldekideak aurkeztu -Jebi baxua, Manex gitarra, Unai bateria, Asier, Irkus eta John Kaiman haize sekzioan eta Ibon ahots nagusia-, eta «Itziarren Semeak» erantzuten du publikoak ska zahar baten erritmora. «Aurrera, ezkerrera, eskumara, aurrera berriro eta... salto!!!».

Ez dago hau gelditzerik. Are gehiago, lehen gonbidatua agertzen denean. Gose taldeko Ines Osinagak «Dale Candela» nola jo behar den erakusten du. Hurrengoa, desalojo arriskuan dagoen Zazpi Katu gaztetxearentzat egindako kanta da, eta, hala, babes kanpainaren kamiseta laranja oparitzen diote abeslariari gaztetxeko kideek.

Euskal preso politikoekiko elkartasuna adieraztea da kontzertuaren xedea eta Negu Gorriak taldearen «Amodiozko kanta» jotzen dute reggae lasai batean. Norte Apache hip-hop taldeko Ibon eta Rayco MCk laguntzen diete. «Atera mingaina» bizitzari, «Mirentxu Patxaran», Anger taldeko Arkaitzekin batera; gerriak mugitzera deitzen dute eta kantak bata bestearen atzetik doaz: «Radikals», «Aurrera bolie», «Mandragora»...

Azken txanpa iritsi da. «Zutik» irauten duen bertsoa eta euskaldunen mitoekin apurtzen duen kantua. Iñigo Cabacas hil zuten ertzainei eskaintzen diete «Guau guau», eta, gitarraren akordearen ondoren, «uo oh oh, uo oh oh oh»... «Bizkaiko golfoak» entzuten da. Agurtzeko ordua da, ska saltsa batekin. Hogei kanta izan dira, ordu eta piku iraun duen emanaldian. Martxa eta borroka, espainiar legeen jomugan dauden Marijaiaren lagunen etxean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo