GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Aste Nagusia: Konpartsen jai eredua, indartuta

Atzo Bilboko Aste Nagusi amaitu berriaren zenbait balorazio plazaratu zituzten. Udalarena oso baikorra izan zen, eta txupinerari epaile batek ezarritako betoari buruz, Udalak ez duela txupinera izendatzeko prozedura aldatzeko asmorik esan zuen Itziar Urtasun zinegotziak. PPk, ordea, azken kontu horretaz jardun zuen, argi utzita ez duela nahi txupinera konpartsek hautatzea, eta jai eredua aldatzea proposatu zuen. Ez da berria PP ez datorrela bat indarrean dagoen jai ereduarekin, jarrera hori marjinala bada ere. Izan ere, Bilboko Konpartsek atzo esan zutenez, eta nabari denez, jai eredu horrek sostengu sendoa du, eta azken Aste Nagusian herritarrek berretsi ez ezik, beren parte-hartze handiagoaren bidez indartu ere egin dute bai konpartsek antolatutako ekitaldiei bai jaien ordezkari nagusiei -pregoilariari eta txupinerari- erakutsitako atxikimendua.

Urtez urte jai eredu horri eusteak baditu bere zailtasunak, ordea, eta aurten egoera ekonomikoak ere izan du jaietan isla. Herritar gehienek bezala, konpartsek ere nabarituko zuten, jakina, independentzia gordez beren jai proiektuari eutsi eta are hobetzeko beharrezko finantziazioa arazoa dela. Nolanahi ere, Bilboko Konpartsek duela 35 urte horrelako herri jaiak abiatzeko gai zirela erakutsi zuten bezala, aurrerantzean, urte horietako guztietako eskarmentua izanda, zailtasun horiei aurre egiten jakingo dute.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo