GARA > Idatzia > Euskal Herria

Uretara eramango dute herri harresia igandean, Donostian

Donostian, «Babestu gure traineru laranja» lelopean, uretara eramango dute igande honetan herri harresiaren ideia. Hala jakinarazi zuen atzo prentsaurrekoan Eleak mugimenduak. Ekimena irailetik aurrera abiatuko diren epaiketetan inputatuta dauden euskal herritarrak «freskatzeko» baliatuko dute, baita «gure eskubide zibil eta politikoak biziberritzen laguntzeko» ere. 12.30ean jarri dute zita, Gipuzkoako hiriburuko kaian dagoen arrapalan.

p010_f02.jpg

Aimar ETXEBERRIA | DONOSTIA

Udako azken gertakarien berri emateko, eta era berean, datozen epaiketen inguruko planteamenduak aurkezteko, prentsaurrekoa eskaini zuen atzo Eleak mugimenduak Donostiako kaiko arrapalan. Txerra Bolinaga izan zen mugimenduaren izenean hitza hartu zuena, eta urrian hasiko diren epaiketetan inputatuta dauden Joseba Alvarez, Juan Lizaso eta Agus Rodriguez izan zituen lagun.

Oporraldien amaieran gaudela-eta, oinarrizko askatasunek «oporretan» jarraitzen dutela adierazi zuen. Modu horretan, hastear dagoen ikasturtea «berria» egiten ez zaien panorama batekin hasiko dutela salatu zuen, irailetik aurrera hasiko diren epaiketen harira. Udako gertakariei dagokienez, Jone Artola Bilboko txupineraren eta Pablo Gorostiaga Laudioko pregoilariarekin izan diren gatazkak izan zituen hizpide, eta adierazpen herrikoi oro «jo puntuan» dagoela berretsi dutela esan zuen. «Alde horretatik, zaharrak berri», gaineratu zuen.

«Izan dugu, ordea, kontuan hartu beharreko urrats errepresibo berririk ere», salatu zuen Bolinagak. Gogoratu zuenez, hilabete igaro da Luis Goñi eta Xabier Sagardoi Barañaingo gazteek ezkutatzea erabaki zutenetik. Gaineratu zuenez, euren egoera, «eta beste askorena», ikusarazteko ezkutatu dira, «Iruñerrian herri harresia eraikitzeko baldintzak sortzen laguntzeko asmoz». Egoera horren aurrean, dinamika herrikoiak aurrera jarraitzen duela aldarrikatu zuen.

Arduratsu hitz egin zuen, ordea, eta «askotan errepikatu dugun moduan», pauso desobediente orok erantzun errepresiboen ugaritzea ekarriko duela ohartarazi zuen. «Eman dituzte jada», gaineratu zuen, Goñi eta Sagardoi gazteen kasuak adibidetzat hartuta.

«Iruñean eta Barañainen antolatutako agerraldi eta mobilizazioen kontrako isun ugari heldu dira», azaldu zuen Eleak-eko bozeramaileak. Era berean, Barañaingo kaleak poliziaz lepo daudela salatu zuen, eta bi gazteen aurkako zigorraren berri eman aurretik, euren abokatuek atxilotze aginduaren berri jaso zutela gaineratu zuen. «Are larriagoa da poliziak Barañaingo lagun baten etxean burutu zuen miaketa, elkartasun desobedientea praktikatzeko prest egon daitekeen edozein herritar kikildu asmoz, nahiz eta ondo jakin Goñi eta Sagardoi ez zeudela bertan», argitu zuen.

Egoera hau izanik ere, desobedientzia politikoaren bidean sakontzeko deia egin zuen, ezaugarri «herrikoi, publiko eta masiboa» izango duten jarrerekin. «Eraso errepresibo bakoitzak, erantzun desobediente eta jendetsuagoak ekarri beharko lituzke», aldarrikatu zuen.

Ur harresia

Horretarako, «gaindiezina» izango den herri harresia osatzera deitu zuen, eta bide horretan, imajinazioa eta umorea beharrezkoak izango direla adierazi zuen. Irailetik aurrera, herri harresiak egiteko aukerak ugaritu egingo direla gaineratu zuen Bolinagak, Bilboko grebalarien aurkako epaiketa hasiko baita. Urrian, aldiz, 35/02 sumarioan inputatuta daudenen txanda izango da, baita 40 gazte independentistena ere.

Finean, 43 izango dira inputaturen bat duten Euskal Herriko herriak eta 200 epaiketa edota sententziaren zain dauden herritarrak. Horregatik, datorren igandean ur harresia irudikatzera deitu zuten, «Babestu gure traineru laranja» lelopean. 12.30ean jarri dute zita, kaiko arrapalan.

43 herri

43 dira inputaturen bat duten Euskal Herriko herriak. Horren harira, dei berezia egin zuten herri horietan herrikideak babestu eta «zapaldutako eskubideak» berreskuratze aldera.

200 herritar

200 euskal herritar inguru dira epaiketa edota sententzien zain daudenak. Eleak-en esanetan, ehunka gehiago izan litezke etorkizunean «nahikoa indar ez badugu egiten hau saihesteko».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo