GARA > Idatzia > Kultura

UDATE | ERANDIOKO JAIAK

Erandioko jaietan, parte hartzea osagai nagusi

Udaletxetik txupinazoa jaurtita emango diete hasiera gaur Erandioko sanagustinei. Jaietan parte hartzen duen kuadrilla kopuruak urtero gora egiten duen arren, Jai Batzordeko kideek Udalak zenbait ekimenetarako «trabak» jarri dituela salatu dute.

p044_f02.jpg

Mikel PASTOR | BILBO

Bost egunetan zehar, erandiotarrak zoramenaren eta zoriontasunaren gurpil zoro eta goxoan ibiliko dira, gaurtik aurrera ospatuko diren San Agustin jaietan. Jai Batzordeak egitarau oparoa prestatu du, dozenaka kontzertu, ekimen, jolas eta tailerrekin.

Eskuinaldeko herri honetako jaiak normalean Bilboko Aste Nagusiarekin bat egiten dute, eta oztopo izaten da hori, baina aurten bi ospakizunek ez dute bat egingo. Halere, antolatzaileen poztasuna ez da erabatekoa, asteburu honetan Kobetamendiko larreetan En Vivo jaialdia ospatuko delako, milaka bisitari eramango dituena.

Dena den, Jai Batzordeko kideek adierazi dutenez, giro ezin hobea izango da Erandion bost egunotan, hilabeteetan zehar prestaketan eta antolakuntzan sekulako lana egin delako.

Bide horretan, nabarmentzekoa da gazteen zein nagusien kuadrillen papera. «Erandion kuadrilla ezberdinek beti izan dute pisu handia, baina azkenengo urteetan inertzia horrek goraka egin du izugarri», baieztatu dute Jai Batzordekoek. Zein izan daiteke albiste on horren zergatia? «Buelta asko eman ondoren, uste dugu gazte askok jaiaren partaide sentitu nahi dutela, protagonista izan nahi dutela. Jarrera pasibo batetik aktibo izatera pasatu. Hori urteetan zehar lantzen da, ahoz ahokoarekin, eta aurten fruituak eman ditu, oso pozik gaude arlo horretan».

«Trabak» gaindituz

Jai Batzordeko kideentzat, halere, jaietako alderdi guztiak ez dira goxoak izan. GARAri azaldu ziotenez, Udalarekin ika-mikak izan dituzte. «Urtero izaten ditugu halakoak, nahiko normalak dira, azkenean interesen talka egoten delako, baina aurtengoa okerragoa izan dela uste dugu», esan dute.

Arazo nagusiak baimen eta aseguruen inguruan izan dituzte: «Ulertzen dugu zenbait ekintzatarako guztiz beharrezkoak direla aseguruak, eta askotan eskatu ditugu, baina uste dugu, era berean, askotan udaletxeak malgutasun falta agertzen duela». Esaterako, Jai Batzordeak txosnak metro alboan kokatzea eskatu zuen, baina Udalak kiroldegian ezarri ditu. Era berean, txosnek aurkeztu beharreko dokumentazio anitza oso berandu eskatu dutela salatzen dute.

Egitarauari dagokionez, kontzertu klasikoak zertxobait alboratuta geratu dira, orain modan dauden DJen edo diskofesten faborean. Txosnetan, ordea, DJ Bull arituko da, baina zenbait erromeria izango dira; hala nola, Tximeleta, ostiralean eta Goxo-Goxo, larunbatean. Emon eta Repercusion taldeak ere arituko dira bertan.

 
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo