GARA > Idatzia > Kirolak> Txirrindularitza

Txikito

Markel IRIZAR RadioShack taldeko txirrindularia

Vuelta honetan zehar gorriaz hitz egin dugu, irabazteko ateetan geratzearena, errespetuarena... Eta sentimendu hauek guztiak, atzo sentimendu bakar batean batu ziren. Atariko erlojupekoa ez irabazteak morala eman zigun arren, izorratu egin gintuen azken unean garaipena galtzeak. Maillot gorria desio genuen, eta talde lan on baten ondoren, gure aitona zaharrak maillot gorria ekarri digu taldera. Eta Ametsek zioen bezala, errespetu handia zor diot 42 urte betetzear den, eta sei hilabeteko lesio baten ostean, historian izan den itzuli handi bateko lider zaharrena bihurtu denari.

Izaera alai eta errazekoa, bere burua lider handi bat, lanaren eta konstante izatearen poderioz egin duena hippy ukitu horrekin (leku askotan karabana batean bizi izan dela irakurri dudan arren, ez da zuzena. Hiru karabana ditu baina sekula ez da bertan bizi izan), munduko Coca Cola eta Snickers eta Mars kontsumitzaile handiena, ohean bere pelikulak ikusten lasai-lasai aurkitzen duzunetarikoa da Cris. Baina zerbait badauka Oregonen jaiotako yanki honek, bere buruan inork baino gehiago sinistu eta ezagutzen duelako.

Bere motorra inoiz baino hobeto dabilen arren, txasisa porru eginda du. Bere bizitzan jan dituen hanburgesa eta edan dituen milaka litro Coca Colak seguru ez diotela lagundu, eta azken urteotan lesioek ez diote barkatu. Horregatik, Saunier Duval taldean zela, lasterketa batera etorri eta ikaragarri ongi zebilen arren, bizkarreko «bisagra» baten arazoren bat zela medio, lunbalgiak jota, eta erdi makurtuta oinez zebilela, «Txikito de la Kaltzada» moduan bataiatu zuten.

Harrezkero, Ferrari baten motorra eta Symca 1000 baten txasisa duen aitona zaharrak, askotan entzun behar izan du atzo hotelean entzun zuena. Hotelean zegoen gizon batek, zerbitzari bati esan zion: «Nork irabazi du Vueltako etapa?». Eta zerbitzariak erantzun zion: «Burusoil eta zahar itxurako mutil batek. Vueltako txirrindulari zaharrena da».

Ba bai, horixe da gure txikito, zahar itxurako eta burusoila, sei hilabeteko lesio baten ostean, Coca Colatan igeritan ibili eta maila hau eman lezakeen bakarra. Txikitok esan ohi duen bezala, atzo egin zuena: fantastic izan zen!!

Zorionak eta errespetua, txikitoa handia egina!! Coca Cola eta Snickersekin ospatuko dugu!!!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo