GARA > Idatzia > Euskal Herria

Burujabetzaren alorrean «bide katalana» alboratzeko eskatu dio Pastorrek EAJri

Jose Antonio Pastor Legebiltzarreko PSEko bozeramaileak EAJri ohartarazi dio autogobernuari buruzko batzordean jarrera «neurtua» izan dezala, «CiUk hartu duen moduko zartakoa ekiditeko». Pastorren iritziz, «badago autogobernuan sakontzeko aukera, eredu federal batean».

p014_f02.jpg

GARA | BILBO

Jose Antonio Pastorrek EAJri mezu zuzena bidali zion atzo, komunikabideen bitartez. PSEko kideak burujabetzaren alorrean Herrialde Katalanetan irekitako bidea albo batera uzteko eskatu die jeltzaleei eta «zuhurtziaz» jokatzeko, hori egin ezean, CiUk hartutako «zartako elektorala» bertan ere gerta daitekeela ohartaraziz.

Pastorren iritziz, EAJk du egoeraren gakoa, «zer eta norekin itundu erabaki beharko duelako. Hau da, iraganeko eskemak errepikatzen dituen edo ez, eta Euskadiri edo Sabin Etxeari begira gobernatzen duen».

Autogobernuari buruzko Legebiltzarreko batzordeaz ere mintzatu zen Portugaletekoa. Ziurtatu zuenez, Urkulluk, bere inbestidura hitzaldian, «proposamena autogobernuan oinarrituko zela esan zuen. Estatus politiko berri bati buruz ez zuen hitzik esan». Nolanahi ere, PSEk lantalde horretan parte hartuko duela baieztatu zuen Pastorrek, «bakoitzak bere interpretazioa egin dezan, batzuentzat eta besteentzat autogobernu kontzeptua oso ezberdina delako».

«Planteatzen dena Estatutua aztertzea eta aldatzea bada, PSE prest egongo da -gaineratu zuen-; baina lantalde hori aitzakia baino ez bada Kataluniaren bidetik bestelako estatus baten eztabaidan sartzeko, ez gara bertan izango».

Hain zuzen ere, Pastorrek susmo hori du; berak esan zuenez, Gasteizko ganberan eztabaidatuko den proposamenaren atzean, «independentzia nahiak ezkutatzen dira», eta ziurtasun osoz gaineratu zuenez, «independentzia ez da behar duguna ezta euskal gizartearen gehiengoak eskatzen duena ere».

Aralar, amnistia aldarrikatuz

Aralarrek, bestalde, euskal preso politikoen amnistia eskatu zuen atzo, eta ez horien kaleratze gisa ulertuta soilik, baizik «giza eskubideak urratzen dituen legedia goitik behera aldatuz eta bortizkeria guztien biktimei konponketa eskainiz». Era berean, ETA erakunde armatuari desarmea eskatu zion, eta Estatu espainolari salbuespen lege guztiak bertan behera uzteko.

Bakegintzaren bide horretan, Patxi Zabaletak eta Rebeka Uberak berebiziko garrantzia eman zioten hastear den urte politiko berriari. Aipatu bezala, gatazkaren bi aldeei luzatu zizkieten eskakizunak: Estatuari salbuespen legeak bertan behera utz ditzala -tartean 60 euskal preso politiko baino gehiagori eragiten dion 196/2007 doktrina-; eta ETAri armak uzteko, «aldebakartasunez, eragile militar izatetik zibil izatera igaroz».

Biktimen arloan, Zabaletak argi hitz egin zuen: «Bortizkeria guztien biktima guztientzako egoerarik onena, erreparaziorik onena, normalizazio politikoa, behin betiko bakea ezartzea eta salbuespen lege guztiak deuseztatzea litzateke». Hein horretan, biktima guztiak gatazkatik «berdin irtetearen» alde agertu zen.

Azkenik, Aralarreko bi kideek lurraldetasunaren eta burujabetzaren garrantzia nabarmendu zuten. Ubera eta Zabaletarentzat erabakitze eskubidearen aitortza «guztiz ezinbestekoa da Euskal Herrian behin betiko adiskidetzea eta elkarbizitza gauzatu ahal izateko, erabaki hori euskal gizartearentzat ez ezik, espainiar gizartearentzat ere positiboa izango litzatekeelako».

ezinbestekoa

Aralarren iritziz, erabakitzeko eskubidearen aitortza ezinbesteko baldintza da «elkarbizitza eta adiskidetzea» gauzatzeko, eta positiboa litzateke bai euskal gizartearentzat, bai espainiarrentzat.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo