GARA > Idatzia > Iritzia> Jo puntua

Arantza Santesteban Historialaria

Asmatzear ditugun hitzak

Proiektu politiko eguneratuak behar ditugu askapenaren ekipoen baitan, zaharraren eta eraikitzen ari den berriaren artean bizirauteko eta etorkizunekoa egingarria izango dela bermatzeko

Alzheimerrak jota hil zen aitonak esan zizkidan azkeneko hitzen antologia ekarri dut gogora egunotan. Joango al zara kobazulora ur bila? Izoztuta geratu zen, gorputza hemen eta burua han, aurreko garairen batera loturik. Nafarroa Garaiko Erriberako hainbat herritan oraindik ikusgai daude kobazuloak eta bertako askok -50eko hamarkadan jaiotako askok, nire amak kasu- bertan egin zituzten bizitzaren lehenengo urteak. Egun, kobazuloetan hazi eta hezi zirenak salmenta libreko etxebizitzetan bizi dira.

Orain, galdutako bataila txiki eta handiek sortzen diguten biharamunarekin, hartu beharreko norabidea entseatuz egiten dugu politika. Anabasak bizi gaitu eta hartara, denetarik aurkitzen dugu ezkerraren alternatiben katalogoan: kobazuloetako bizitza komunitariora itzultzeko proposamenetik gaur egun dugun etxebizitza jabegoaren kontserbaziora. Niri, nostalgiatik harago, ez zaizkit kobazuloetara itzultzeko estrategiak interesatzen. Halere, nago salmenta libreko etxebizitza ezinezkoa bihurtzen ari den honetan ez dagoela berau defendatzen ibiltzeko ezkerreko estrategia zilegirik.

Aitonaren hitzekin batera etorri zaizkit gogora Antonio Gramscirenak; mundu zaharra pixkanaka desagertuz doa eta mundu berria sortzeko borrokan dabil: munstroen garaia da. Eta nik zalantza berriak ditut. Zer da zaharra berez. Zein erakundek erabaki du iraungi dela. Zergatik kentzen zaio zilegitasuna anakronikoa denari. Noiz hasten da formulazio bat erretorika hutsa izaten nahiz eta deskribatzen duen errealitateak ez duen ia mutaziorik izan.

Garai nahasiak dira eta hamaika aldiz esanagatik ere ez dugu sosegu politikorik aurkitzen. Mito propiorik gabe egiten du ezkerrak aurrera, Zizek-en hitzetan, eta ezkerrak mitoak behar ditu. Gulag-ik gabeko sozialismoarekin amesten dugu oraindik baina praktikan kostatzen zaigu kapitalismo jasangarri eta justuago batez harago irudikatzea benetako alternatiba. Mitorik ez dugulako. Eta munstroen garaian aurrera egin ahal izateko mitoak izan daitezkeelako ezinbestekoa denaren kontzientzia eman dezaketenak.

Proiektu politiko eguneratuak behar ditugu askapenaren ekipoen baitan, zaharraren eta eraikitzen ari den berriaren artean bizirauteko eta etorkizunekoa egingarria izango dela bermatzeko. Eta berrikuntza politikoez ari naizelarik, Sumak kawsay terminoa etorri zait gogora. Mikel Antzak Ea-ko poesia egunetarako idatzitako testu laburrean irakurri nuen aurrekoan. Bertan Ekuadorreko Gobernuak berreskuratu duen termino politikoaz hausnartzen du: Sumak kawsay. «Ongi bizi» edo El Buen vivir esan nahi du kitxuen hizkuntzan eta naturarekin zein gainontzeko pertsonekin harmonian bizitzeko gaitasunari egiten dio erreferentzia. Ikuspegi iraultzaile batetik, esplotaziorik gabeko bestelako harreman sistema bat iradokitzen dute hitzok. Baina bitxia bada ere, PSEren dokumentu ezberdinak arakatuz irakurri izan dut aipatu terminoa.

Sumak kawsay, lurralde komun bat. Pasabiderako termino bat. Baina mitorik gabe jarraitzen dugu.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo