udate | ipar ekhian
Egunak izaten dira
Jon GARMENDIA Idazlea
Izaten dira halako egunak, bai. Ez dakizula hanka ezkerrarekin, edo eskuinarekin, edo biak oker jarririk lurra zapaltzen hasi, eta lurra bera den zu zapaltzen hasi dena. Hortzetako orea eskuetan zeneukala uste bazenuen ere, ez duzu nehon topatzen. Dutxan sartu zara, eta gozatzen zeunden une horretan, butano bonbonako gasa amaitu da, uda delako segitu duzu ur azpian, baina goizeroko plazera ur hotzak eraman du. Hozkailua ireki, eta han ikusi duzu hortzetako orea, auskalo nola iritsi den hara! Di-da gosaltzeko denbora gelditzen zaizu, eta sabelari ematen diozu lehentasuna, ez hortzei. Baina ezin kaferik egin, eta ezin esnerik berotu. Gasa falta zaizu. Lanera sartu aitzin, ondoko ostatuan kafesnea croissant batekin gosalduko duzula pentsatu, eta hor abiatu zara autoan. Baina Oops! ezantzarik gabe gelditu zara, erreserbak gehiago iraunen zuela uste zenuen, baina ez; errepide nagusiaren bazter batean zaude, non ote dira triangelua eta txaleko horia? Jendarme autoa gelditzen zaizu ondoan, biba zu. 200 euroko isuna autoarekin traba egitearren eta 80 gehiago arriskuaz ez ohartarazteagatik. Gaitz erdi, dokumentaziorik ez dizute eskatu. Garabi bati deitzeko aholkatzen dizute, lanera ere deitzen duzu berandu zoazela abisu emateko, eta bi oreneko berantarekin heltzen zara. Beharrik gauean afaria duzula, eguna han zuzenduko baita. Hilabete batzuk lehenago lekua hartu behar den jatetxean da afari puska, eta gainera, gonbidaturik. Eta lana bukatu eta jatetxera abiatzen zara, zuzen-zuzen. Bidean, mugikorreko mezuak entzuten hasi zara, laguna da, jatetxera ez joateko erraten dizu, alferrik dela, handik deitu omen dute, zorte txarreko arazo baten erruz itxi beharra izan dutelako.