Hurrengora arte, Galizia!
Amets TXURRUKA Caja Rural taldeko txirrindularia
Astebete pasa da Galiziara etorri ginenetik, leku ederrak ikusi ditugu eta beste asko ikusteko utzi ere bai. Sanxenxo eta O´Grove inguruko kostalde ederretik abiatuta, Ezaroko begiraleku ikusgarri bezain igoezinetik igaro eta Finisterreraino iritsi gara. Azken leku honetan lurra eta mundua bukatzen zirela uste zen garai batean, hortik datorkio izena bera, eta neuri ere halako zeozer pasatu zitzaidan burutik, baina batez ere, lasterketaren baldintzek hala agindu zigutelako. Ez dugu inguru honetako paisaiaz behar beste gozatzeko astirik izan, egia esan.
Leku ederra da inondik ere oporretan etortzeko; aisialdirako aukera apartak eskaintzen ditu. Horien artean turismo gastronomikoak indar handia du, eta nola ez, itsaskia jaki preziatua da hemen. Kanpotik egun batzuk pasatzera etorritako jendeak eguna joan eta eguna etorri itsasoak emandako altxor eder hau era desberdinetara prestatuta dastatzeko baliatzen du.
Gure kasua desberdina da, ordea. Itsaskiak gertuen ikusi ditugun eguna, taldekako erlojupekoa izan dela uste dut. Egun horretarako bereziki prestatutako kristalezko plataforma batetik abiatzen genuen etapa eta kristal gainetik itsasoa begi bistan genuelarik ikusiko genituen guk hurbilen itsaskiak. Arratsaldean ikusi eta gauez usaindu. Izan ere, afaritan, alboko mahaian taldeko zuzendari eta auxiliarrek lepo jan zuten. Hauek bai gozatu dute marisko, olagarro eta abarrez. Horren ondoan, guk gure mahaian entsaladaz eta pastaz aparte, haragi xerraren bat edo beste baino ez.
Arestian aipatu bezala, Galizian paisaia paregabeak daudela ukatzerik ez dago. Hala ere, Vueltan parte hartzen ari garenontzat gozamenetik gutxi izan du Galiziak, etapa zailak baitira hemengoak. Ibilbidea itoa da, etengabeko gorabeherak ditu eta kostaldetik sartzen den haizeak tropelean ibiltzea zailtzen duenez, tentsioa handia izaten da taldean.
Tristura pixka bat eman dit Galizia atzean utzi izanak baina, bestalde, lasaitasun apur bat ere behar genuen. Izan ere, atzo eta gaur 500 km egin ditugu autobusean eta ia 400 km bizikletan. Lasterketari dagokionez gure egunotako balantzea positiboa izan den arren, dortsalik gabe hona bueltatzeko planak egiten hasi gara gutako asko. Noizbait itzuliko naizen dudarik ez daukat, eta nire antzera beste jende askori ere bertaratzeko gogoa sorrarazi diola uste dut. Iazko eta aurtengo Vuelta bertara ekartzea hemengo turismoa bultzatzeko inbertsio ezin hobea izan dela uste dut. Bete-betean asmatu dutelako zorionak galiziarrei. Plazer bat izan da inguru hauetan ibiltzea!