ZURI-GORRIEN ORROAK
Abuztuko ajeak...
Aiert GOENAGA
Barruko deabrutxoak datorren asterako prestatua dudan kolaborazioaz hasteko eskatzen badit ere, zutabe honetako lehena eta honenbestez nire aurkezpenekoa, tonu positiboan hasiko dut. Mozkorraldi gozoen ostean omen datoz buruko minak. Espero oraingo honetan goizean jaiki eta oheratzean uste baino hobeto aurkitzen zaren horietakoa izatea. Momentu gozoak bizi ditu Athletic-ek. Momentu gozoak, duela urtebete garaiotan bizi zirenekin alderatuz.
Neskek Euskal Kopa irabazi berri dute Realaren aurka jokatutako finalaren ostean, zorionak! Lehen taldeari dagokionez, fitxaketetan badirudi aurten asmatu dutela; Beñat taldearen jokorako pieza garrantzitsua izateko merituak lehen partidatik hasi baita egiten; eta gainontzekoek, denboraldia aulkian hasi arren, taldearen maila hobetzea ekarri dutelako. Kirol alorrean bikain hasi da talde zuri-gorria, Ligan bi partida jokatu eta sei puntutik sei zakuratu baititu.
Ez gara orain hasiko ondo jokatu eta galdu ala gaizki jokatu eta irabaztea den hobe debatitzen, erantzuna bakarra baita. Bestela, galdetu Capellori Real Madrilekin liga irabazi zuenean beraz gain zenbat diren gogoan dutenak partidu guztiak 1-0 Panucciren golarekin bukatzen zirela. Inor gutxi, bera eta Panucci...
Gainera, bi partiduak etxetik at jokatu behar izan ditu. Lehena Ligako estreinakoa Valladoliden aurka Zorrillan, eta bigarrena etxeko gisa aritu arren, Anoetan. Filosofatzen hasita, esan genezake Donostian jokatzea etxean jokatzea bezalakoa dela, euskal talde bat beste euskal talde baten aurka hirugarren euskal talde baten zelaian aritu zelako. Baina zale txuri-urdinek hainbeste gorroto dituzten atletismo pistek hori ez dela horrela erakutsi zuten, kar, kar, kar...
Txiste txarrak utzi eta serioago ipinita, Anoetako aulkiak apurtzea eta Alberto Ormaetxearen omenezko estatuari txiza egitea ere etxean ez jokatzearen adierazle direla aitortu behar da. Etxeko gauzak ez baitira horrela zaintzen eta etxeko ikurrekiko ez baitugu honelako errespetu falta erakusten. Horrenbestez, zale batzuek izan zuten jarrera lotsagarria salatu beharra dago, hau ez baita gure estiloa. Zutabe positibista negatibo bihurtu aurretik arestiko tonura jauzi egingo dut. Krisi garaian eta Aste Nagusiko egun gorenean hogei mila zale taldea babesten izatea ikaragarrizko meritua dela onartu behar dut. Guztion poltsikotik egindako San Mames Barria prest egon bazen, ziur goraino beteko zela, baina horrek ez dio meriturik kentzen guztion poltsikotik egindako Anoetan horrenbeste zale batzeari.
Ezin abuztuko gauza onen errepasoa bukatu Bilboko Aste Nagusian Iraia Iturregik, Athleticeko jokalari eta aurtengo Aste Nagusiko pregoilariak, izandako jarrera aipatu gabe. Urtero lez, Konpartsek (aurten Txori Barrote) euretako bat jai herrikoien alde hainbeste lan egitearren omendu dute txupinera izendatuz. Betiko interesak dituztenek baina, gaia politizatu egin dute, eta debeku dinamikekin etorri ziren.
Egoeraren aurrean baneukan jakin-mina Athleticen ordezkari lez zegoen jokalariak ze jarrera hartuko zuen ezagutzeko. Horregatik, Iraiak Jone Artolari emandako babes publikoak ostiralean Anoetan irabazitako hiru puntuek beste poztu ninduela aitortu behar dut.
Bueno gezurra, gehiago. Injustizia bat gertatzen denean horren salaketa espero bada, Joneren kasuak ere beste horrenbeste eskatzen zuen. Eta Athleticeko jokalariak argi utzi zuen bere eta bilbotar guztien txupinera Jone Artola zela. Horrelako ekintzek definitu beharko lukete beste askoren artean nire ustez Gure Estiloa. Aupa Iraia eta Jone, beti zuekin!