GARA > Idatzia > Kultura

UDATE

Kepa Junkera eta Kukai & Lagunak, Getxoko Nazioarteko Folk Jaialdian

GARA | GETXO

Irailaren 5etik 8ra munduko musikez gozatu ahal izango dute zaleek Getxoko Nazioarteko Folk Jaialdian. Clannad banda irlandarra, Kepa Junkera trikitilaria, Budiño gaita-jotzaile galiziarra, Yacine & The Oriental Groove mediterranear fusio taldea eta Kukai & Lagunak musika eta dantza ikuskizuna izango dira aurtengo edizioko protagonistak.

Kontzertu nagusiak Areetako Geltokiko plazan izango dira 21.00etan (igandean, 20.00etan) eta arratsaldeko saioak, plazaren ondoko aparkalekuan, 19.00etan (igandean, 18.00etan). Bertan Munduko Terrazako kontzertuak (23.00etan) zein haurrentzako goizeko saioak (12.30ean) ere izango dira. Horiez gain, hainbat ekitaldi egongo dira Folk Getxon, zenbait GKEren eta elkarteren saltokiak bilduko dituen Gune Solidarioa, Munduko Eskulanen Azoka, hainbat herritako platerak eskaintzen dituen Munduko Terraza eta kale banden desfileak.

Ohikoa denez, saio nagusiak ordaintzekoak izango dira eta gainerakoak, doakoak. Sarrerak eta kontzertu guztietarako abonamenduak salgai daude Kutxabanken orotarako kutxazainetan, www.kutxabank.com webgunean, Algortako Kultur Etxean (Villamonte, A-8) eta 94 491 40 80 telefono zenbakiaren bitartez.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo