Josebe EGIA
Babestu edo zapaltzen jarraitu?
Hilabete eman dut munduan gertatutakotik nahiko deskonektatuta, baina ez erabat. Beti izaten da hurbil egunkaririk, irratirik, telebistarik... halere, ez dakit zergatik, beti ematen dute urrunagoak, irrealagoak edo. Ohiko bizilekuan ohiko informazio iturriak eskura, oporretan izateak eragin ohi duen bizitza normalaren etenaldi sentsaziotik itzulita, jabetuta nago munduaren joan-etorriak ez duela inolako etenik izan -tamalez, planeta honek ere beharko luke-eta nolabaiteko atsedena-.
Hala, denetarik aurkitu dut gertakizunen panoraman. PPren inguruko eskandalua gero eta larriagoa da; Nelson Mandela ospitaletik atera da, erresistentzia berba lehen hizkitik azkeneraino beteta; Realak Champions delakoa jokatzeko postua lortu du; Espainiako gobernua bidea irekitzen hasi zaio gasa erauzteko «fracking» delako teknika eztabaidagarriari; Urkullu Estatutua aldatzearen alde agertu da, zer eta nola azaldu gabe; Obamak Siria erasotzeko erabakia hartu du, NBEren bermerik gabe, eta horren aurrean gerra-ekintzarekin konprometitutako Europako bi liderrak banatuta ageri dira: Britainia Handiak uko egin dio; Frantzia, ordea, alde agertu da... eta abar. Eta, batik bat, krisi egoeran jarraitzen dugu. Eta, gainera, ez du amaitzear dagoelako inolako itxurarik.
Hain zuzen krisi luze honen kudeaketan zeresan handi eta erabakigarria izaten ari den erakunde batek ere, Europako Banku Zentralak, beste albiste bat utzi digu, printzipioz ona; printzipioz, halako beste erakunde batzuentzat eredu izan daitekeelakoan, itxaropentsua. Europako ekonomiak horrenbeste markatzen dituen erakundeak aditzera eman du kuotak ezarriko dituela 2019an bertako tarteko agintarien %35 eta goi-zuzendaritzako karguen %28 emakumeak izan daitezen (haren gobernu batzordea osatzen duten 23 kideak gizonezkoak dira egun). Kuoten estrategiak ika-mikak sortu ohi ditu beti, batzuen iritziz opari bidegabea izaten delako emakume izate hutsagatik, beraz, postua bete lezaketen gizonak diskriminatzen dituelako. Kuotak, baina, patriarkalizaturiko esparruak apurtzeko ezartzen dira, gizonen balio eta talentu berdina daukaten emakumeen sarrera ahalbidetzeko, eta haiek bezala lanpostu mota horietan jarduteko aukera emateko. Ez da gizonen kontrako «eraso legeztatua», askok ulertzen duten bezala, berdintasuna gauzatzeko nahitaezko beste formula bat baizik.
Horrenbestez, txalotuko nuke Europako Banku Zentralaren erabakia, txalotuko dut politikoki zuzena izatera mugatuko ez bada, eta, batik bat, kontuan hartuko badu neurri horrekin berdintasuna defendatzen duen neurri berean kaltetzen duela hartzen dituen erabaki ekonomikoekin, herrialdeetako lan eta gizarte eskubideak murrizten ari direnak, azken urteetako lorpen eta aurrerapausoak txikitzen, gehienbat emakumeok kaltetuta. Berdintasunari dagokion guztian ikusteko dago ikasturte honetan benetan emango zaion izan behar duen lehentasuna edo politikariek ilarako azken lekuan mantentzen jarraituko duten; asmo onetan geratu baino, euren erabakiekin babestuko ote duten.