GARA > Idatzia > Euskal Herria

Milaka haur eta nerabek eskolako bidea hartu dute, ikasturteari hasiera emanez

p013_f01.jpg

Ainize BUTRON | BAIONA

Milaka haurrek hartu zuten atzo goizean eskolako bidea. Irakasleek astelehena izan zuten azken antolaketak finkatzeko, eta atzo, aldiz, ama-eskolako, lehen mailako, bigarren mailako eta lizeoko haurrek eta nerabeek izan zuten, bi hilabeteko etenaldi luzearen ondotik, adiskide eta irakasleekin berriz topo egiteko aukera. Ohiko ume txikien negarrak izan ziren nagusi ama-eskoletan, eta handiagoetan, aldiz, eskolako geletan sartzeko gogo eskasak.

Ipar Euskal Herriko eskola publikoetan sartu diren haur kopuruari buruzko datu zehatzik ez zuen zabaldu Akitaniako Departamenduko Akademia ikuskaritzak, baina, orokorrean ikasturte hasiera ongi igaro zela azaldu zuen.

Ikastoletan, berriz, ikasturtea ehun bat ume gehiagorekin hasi zutela jakinarazi zuen Hur Gorostiaga Seaskako zuzendariak. Halere, zuhurtasunez aritu zen, oraindik ez baitzituzten ikastola guztietako datu zehatzak.

Galderazko ikurra

Urtero moduan, ikasturtea berrikuntzekin hasiko du Seaskak. Kanboko Xalbador kolegioaren berritze lanak burutuak dituztela, atzo, ikastetxeko seigarren mailako umeek gela berriak estreinatu zituzten. Azkaine, Lekorne eta Arberoako lehen mailak handituak izan dira, eta Beskoitzen, aldiz, ateak zabaldu zituen 31. ikastolak. «Oraindik ez daude behin betiko egoitzan. Omiasainduko oporren ondotik ikastola berrian sartzen ahalko dira», argitu zuen.

Seaskak, ostiralean egingo du eskola sartzearen balantzerako agerraldia, baina atzo, jadanik azaldu zuen ikasturtea zer-nolako giroan igaroko den. Oro har ikasturtea ongi hasi bazen ere, iaz dilindan geratu ziren zenbait arazok trenkatu gabe jarraitzen dute, bereziki, Hendaiako ikastolaren txostenak.

Hur Gorostiagak, ikasturtea «kezkekin» hasten zutela nabarmendu zuen. Ikuskari, prefet eta errektoreburu berriak izendatuak izan dira, eta kargua hartu dutenekin dagoeneko izan dituzten hartu-harremanek ez dizkietela «elementu baikorrak» ematen esan zuen Gorostiagak. Esate baterako, ikastoletan ahalmen urriko umeen arreta arduratzeko AVS deituriko laguntzaile postu kopuru jakin bat eskatua zuten joan den ekainean. «AVSak ez dituztela izendatu ohartu gara. Ostirala bitartean gauzak argituko direla espero dugu», esan zuen. Gertatzen ari dena kontuan harturik, ikasturtea «galderazko ikurrarekin» hasi dutela goraipatu zuen.

Pierre Barrierek hartu berri du ikuskari kargua. Seaskaren harira, SNUI-PP publikoko irakasle sindikatu nagusiak ere zenbait kezka adierazi zizkion ikuskari berriari. Urtez urte eskola publikoetan irakasle postu kopuruak behera egiten duela gogoratu zion, eta aterabide bat atzemateko beharra nabarmendu zuen. Departamenduan, «bederatzi urtez 109 klase itxi» zirela ohartarazi zuen SNUI-PPk.

Azkenik, ikasturtearen gai nagusien artean eskola erritmoen erreforma berriaren gauzapena dago. Ipar Euskal Herriari dagokionez, Ainhoa izan da erreforman sartu den eskola publiko bakarra.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo