GARA > Idatzia > Iritzia> Txokotik

Ariane Kamio Kazetaria

Azokan kuleroak erostea bezalakoa

Bi urtetako bizitza eman zioten. Hasieran ondo, baina denborak aurrera egin ahala, nabaria zen gaixotasunak zuen eragina. Pentsatuko zuen, akaso, aurretik zeukan denbora larregi zela, eta lehenbailehen amaitzea hobe izan zitekeela berarentzat eta ingurukoentzat. Zama eta lana, lotura. Dependentzia, azken batean. Edo agian ez, borroka azkeneraino luzatzea irudituko zitzaion aukerarik onena.

Vanessa Jimenez «kristalezko neskato» gisa bataiatu zuten 90eko hamarkadan. McCune Albright sindromea dauka. Jaio berritan medikuek ez zuten diagnosirik egin ahal izan bere kasuaren inguruan, ez zekiten zer zeukan. 24 haustura izan ditu hanketan, besoetan, aldakan eta saihetsetan. Hamabost urtera arteko bizitza aurreikusi zuten medikuek. 31 urte ditu orain, eta bizirik dago.

Abortuaren aurkako ahots bihurtu da baina, azken egunetan. Malformazioak dituzten haurrengan haurdunaldia eteteko eskubidea arbuiatzen du eta bere egoera aldarrikatu. Sufritu duela aitortzen du «La Razon»en egindako adierazpenetan, iseka iturri izan dela bere kasua, baina «bizitzeko eskubideaz» dihardu.

Badirudi haurdunaldia etetea azokan kuleroak erostea bezalakoa dela. «Tres por uno» bat-edo. Haurdunaldia eten, buruhaustea uxatu eta bizitzarekin aurrera. Erraza litzateke, hala balitz. Zilegi da gaitz larri batekin bizitzea, horrela bizitzea zuk zeuk erabakitzen baduzu, noski.

Hamarka ahots altxa dira azken aste eta hilabeteetan Madrilgo Gobernuak urria amaitu aurretik aurkeztuko duen Abortuaren Lege berriaren inguruan. «Bizitzaren defendatzaile» sutsuak, inor ez hiltzearen aurka.

Bizitzeko eskubidea existitzen baldin bada, nola bizitzekoak ere atzetik behar luke halako kasuetan. Nork bere buruari eman diezazkiokeen kalteak eta onurak neurtzeko erreminta, nork bere buruarekin zer egin nahi duen galdetu gabe. Neurgailu berbera, bizimodu, pentsamendu eta errealitate ezberdinentzat. Bizirik egon, hiltzear egon edo jaiotzeko bidean egon, zer inporta zuk zer pentsa? Zure hobe beharrez egingo dute, ez kezkatu. [@arianekamio]

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo