Mikel Aramendi Kazetaria
Gogorra, biguna eta birtuala
Gezurra badirudi ere, egun hauetan Siriaren inguruan ikusten ari garen komeria tragikoa, drama horrexen epilogoa baino ez da: Turkiari eta hark egun irudika dezakeen guztiari ordaintxo bat eskaintzeko modua...
Amaitu da jokoa. Hiru urte geratzen zaizkio Obamari bere bigarren agintaldia, Ameriketako Estatu Batuetako lehendakariek nork bere egiazko agenda gauzatzeko erabiltzen omen duten hori, ustiatzeko; baina, Ekialde Ertainari dagokionez behintzat, jokoa amaitu da. Eta ez da amaitu, ez, Siriako komeria tragikoaren inguruko azken antzezpenetan, Bakearen Nobel saridun baten oilarkeria militarrak oso erakargarriak badira ere. Amaieraren biharamuna da hori. Egipton amaitu zen jokoa duela bi hilabete.
Ekialde Ertainerako, Obamaren jokoa -zein urruti geratzen den 2008ko kanpaina itxaropentsu hura-, sinplea baitzen guztiz: Joseph Nye-ren esamolde ospetsuen ildoan, «indar gogorraren» ordez, «indar bigunaz» baliatzea. Beldurraren ordez, miresmena ereitea. Eztabaida genezake apustua benetako sinesmenetik eratortzen ote zen ala aurreko hamarkadetan beldurra eta izua hainbeste aldiz erein ondoren jasotako uzta lotsagarriaren kumea ote zen. Edota, krisi garaietan txantxetan hartu ezin dena, botere biguna gogorra baino merkeagoa zelako egiten ote zen hautua. Edota «bide orri» hori zertzeko aukeratutako lantaldea aproposena ote zen... Apustua, edonola ere, horixe zen: Kairo Unibertsitatean 2009ko ekainean Obamak berak egindako hitzaldi ospetsua berrirakurri besterik ez dago.
Eta 2011ko «Udaberri Arabiarrak» pentsarazi zuen apustua irabaz zezakeela. Tiranoak erori ahala sistema politiko musulman demokratiko berriak sor zitezkeela, oinaze kantitate mugatu samarraren truke. Baina ilusio hutsean geratu da dena. Eztabaida dezakegu zergatik. Jokoan zeuden interesak -geopolitikoak, ekonomikoak, ideologikoak...- potoloegiak eta kontrajarriegiak zirelako? Garaia eta aukera zutenean AEBek beraiek egin zezaketena egin ez zutelako? Elite lokal gaiztoenen interesak nagusitu direlako? Lekuan lekuko korronte politikoak ahulegiak edota itsuegiak direlako? Kontua da apustuak porrot egin duela.
Bahrainen hasi zen porrota eta, Libiako Bengazitik igaro ondoren, Egipton joan da erabat pikutara. Estatubatuarren diruz ordaindutako armada batek 2011ko iraultzarik eredugarriena zukutu duenean. Obamaren apustuaren bi etsai nagusien, Israel eta Saudi Arabiaren, gozamenerako. Eta apustu hark Ekialde Ertainean zuen aliatu garrantzitsu bakarraren, Turkiaren, zoritxarrerako.
Gezurra badirudi ere, egun hauetan Siriaren inguruan ikusten ari garen komeria tragikoa, drama horrexen epilogoa baino ez da: Turkiari eta hark egun irudika dezakeen guztiari ordaintxo bat eskaintzeko modua... Israel eta Saudi Arabiaren interes kontrajarriak biziro kaltetu gabe. Nola lortu hori? Siriako gerrari iraunaraziz... «indar gogor» hutsaren bitartez. Gainerakoan, hildakoak ez beste guztia, antzezmakineria da. Hori da benetako tragedia.
Indar bigunaren zurtzaren drama besterik da, ordea: indar gogorrak ere ez diola balio jada. Europan ia beste inork baino hobeto Ekialde Ertaina ezagutzen duen Robert Fisk-ek laburbiltzen zuen pasa den igandean: «Garai batean AEBek dardarazi egiten zuten Ekialde Ertaina; orain inork ez ditu aintzakotzat hartzen».