Amets TXURRUKA Caja Rural taldeko txirrindularia
Irribarre txikitxo bat
Azken ordu hauetako txirrindularitzako berririk errepikatuena Fernando Alonsok Euskaltel taldearen lizentzia erosi izanarena da zalantzarik gabe. Motor handiagoa eta zaldi gehiago faltan botatzen nituela aipatu nuen nire azken zutabean. Esan eta egin. Antza denez, mirakulu baten antzera agertu omen da Alonso potentzia handiko hornikuntzez jantzita. Oraindik ere goiz dela deritzot iritzi sakon eta baloraziorik egiteko, baina, oro har, berria positiboa dela uste dut. Halere, egunotan jakinaraziko dizkiguten datuekin zehatzago hitz egiteko utzi nahiko nuke gaia. Edozer dela ere, Fernando zoriontzeaz batera eskertu nahi nioke horrelako proiektu bat aurrera ateratzeko ahalegina. Bejondeiala!!
Sentitzen dut baina, nik gai honi tartetxo bat eskainiko diodan arren, gelakide, lagun eta taldekide bikaina dudan Ivan Velasco izango dut hizpide. Azken urteotan ordu eta egun asko pasatzen ditugu elkarrekin, ia egunero 4-5 ordu entrenatzen, eta kontzentrazio eta lasterketak tarteko, urtean zehar bikotearekin baino gau gehiago bere alboan lo egin dudala iruditzen zait, anaia bikiak bagina legez ezagutzen dugu elkar.
Mutil apala eta langilea da Ivan, bizitzan gauzak zail izan dituen arren beti aurrera egin duena. Iritsi den lekura arte iristeko oztopo asko gainditu behar izan ditu eta behin eta berriro zoritxarrak kolpatu duen arren, txintik esan gabe aurrera jarraitzeko indarrak atera dituena.
Kirolari profesionala, prestakuntzan eta entrenamenduetan zehatza eta fina. Entrenamenduetan sasoi maila oso ona izan arren, azkenaldi honetan, kirol arloan ez zaizkio gauzak ongi atera. Helburuak profesionalki prestatzeko sakrifizio asko egin ondoren, emaitzak jasotzea tokatzen zen garaian, kanpo faktoreek baldintzatuta, emaitzen ordez jipoi gogorrak jaso ditu. Zoritxarrrez, Inpotentzia hitza, elkarbanatzen dugun gela honetan sarri errepikatu den hitza da azken aldi honetan. Mimo guztiz prestatutako helburuak pikutara istant batean... eta ezin ezer egin! Inpotentzia!
Orain ere hala sentitzen da. Goizean esnatu naizenerako ohe gainean zegoen Interneten albisteak irakurtzen, minak lorik egiten utzi ez diolako. Baina ez da kexatu. Janzten lagundu eta ospitalera joan aurretik agurtu gara: «Ea askorik ez den!» esanaz. Handik ordu batzuetara mezu hau bidali dit: «Izterrezurreko trokanterra hautsia dut. Hemen geratu beharko naiz ebakuntza egin diezadaten!».
Ikaragarria da mutil hau! Haustura eta guzti, lurretik jaiki, bizikletara igo eta azken bi mendatetzarrak igo zituen. Edozer dela ere aurrera egiteko adorea ateratzen du! Animatu nahian mezu batzuk igorri dizkiot, eta bere seme-alabek horren gustuko dituzten pailazoen pasarte hau idatzi dit: «Irrifar txikitxo bat margotu diot neure buruari, eguzki, ilargi, hego haize, mundu zahar eta euri denak keinuka ari baitira IRRI egiten duenari».
Egun erdi ez da pasa oraindik, baina hire falta nabari diat jadanik. Gaur ere, bizitzaren zailtasunei aurre nola egin lezioa eman diguk. Handia haiz! Ez duk merezi guzti hau, ezin diat ulertu zergatik... Baina hemendik ere aterako haiz eta indartsu gainera! Besarkada handi bat Ivan!