GARA > Idatzia > Kultura

Urteurren ilunen alfonbra, eskulangitza tailerrean aztergai

Gernikako bonbardaketaren 75. urteurrena oroitzeko egina, Donostia suntsitu zutenetik 200 urte pasatu direla ere gogora ekartzen digu. Koldobika Jauregi artistak diseinatutako eta Nepalen ehundutako «Gernika» alfonbra erraldoiak baditu zenbait esanahi korapilo bakoitzaren atzean.

p036_f01.jpg

Nagore BELASTEGI

Donostiako San Telmo museoa ehungintza-tailer bihurtu da egunotan, Koldobika Jauregi artistak eta Nomada alfonbra dendak elkarlanean egin duten ekimenari esker. Izan ere, Nomada dendako arduradunak Tibeteko inguru batean landare sendagarriak birlandatzeko eta bertako medikuntza tradizionalari laguntza eskaintzeko Rokpa gobernuz kanpoko erakundeko kide dira. Dendan saltzen dituzten alfonbrak Nepalen egindakoak dira eta horiek salduta bildutako diruaren %5 Rokpan inbertitzen dute. Euren alfonbrak are interesgarriagoak egiteko zenbait euskal artistari diseinu bat egiteko eskatu zieten, horien artean Koldobika Jauregiri. Honi Gernikaren bonbardaketaren 75. urteurrena dela eta, Picassoren «Guernica» koadroan oinarritutako diseinu bat egiteko eskatu zioten. Emaitza 773x353 zentimetroko alfonbra erraldoi bat da. «Picassoren lanaren elementu batzuk baditu, baina baita Goyaren `Maiatzaren 3ko fusilamenduak' lanekoak», azaldu zuen artistak. Alfonbran ageri dira «Guernica» ospetsuko lanpara, ezpata duen lurreko gizona, sutan dauden etxeak, haurrarekin dagoen ama eta asto bat (Ekaingo zaldiaren markak ere badituena, Jauregirentzat erreferente bat delako). Ez da Picassoren koadroaren kopia bat, ezta antzekoa ere, artistak bere ikuspuntua eman dio eta horregatik ikus dezakegu albo batean fusilatua izateko zorian den gizona, eskuak altxatuta, eta honi tiro egitear dauden soldadu frantsesak bestaldean. Donostiaren suntsiketaren bigarren mendeurrena joan den larunbatean bete zenez eta San Telmon bertan gerraren gaineko erakusketa handi bat dagoenez -«Bake ituna»- pentsatu zuten ideia ona izango litzatekeela alfonbra berreskuratzea, Donostiako erasoa gogora ekartzeko ere balio duelako.

Horrela, museoko hezkuntza gelan ehungintza tailerra jarri zuten martxan atzo, goiz eta arratsaldez, eta gaur amaituko da. Parte hartzea librea da eta proiektu artistiko kolektibo batean parte hartzeko aukera ematen dio gerturatzen denari. Atzo ehunekin lanean aritu ziren gehienak haurrak ziren. Sisala hartu eta kiribildu ostean, espresuki jarritako harien artean pasatzen zituzten, pixkanaka alfonbra egiten joateko. Marrazkiak ere egin zituzten, jute materialarekin. Kolorea emateko oihal zatiak erabili zituzten. Horiekin, gainera, mezuak zintzilikatu zituzten atzo hasitako hiru alfonbretan. «Tailer hau polita da», zioen batek, «Irribarre batek bizitza alda dezake», beste batek. Tailer honen helburua ehuntze prozesuak irakastea da eta alfonbra handi bat egiteko behar den lan handiaz ohartaraztea. «Hazbete karratu bakoitzeko ehun korapilo egin behar dira -kontatu zuen Jauregik-. Alfonbra hau egiten sei hilabete eman zituzten». Horregatik, Donostiako tailerrean korapiloekin egin beharrean, tapizak egiteko teknika erabiltzen ari dira, errazagoa delako.

Alfonbrak egiteko jatorrizko teknika oso nekeza bada ere, Nepaleko langileen lan baldintzak onak izan daitezen bermatuta dago. Nomada dendako arduradunetako batek, Alistair Bairdek azaldutakoaren arabera, Gobernuak inspektoreak bidaltzen ditu noizean behin. Jauregiren alfonbra egiteko sei langile aritu dira, nepaldarrak eta tibetar errefuxiatuak. Tibeteko goi lautadetatik ekarritako artilea eskuz landu zuten, gero tindatu eta korapilatu. Amaitzean, garbitu eta moztu egin zuten egun hauetan museoan ikusgai dagoen pieza lortu arte. Diseinu bera zuten beste alfonbra txikiagoak partikularrei saldu badizkiete ere, Bairderrek alfonbra handia leku publiko batean jartzea nahi luke, adierazi nahi duena inoiz ahantz ez dadin.

Artearekin gauzak esateko gaitasuna

Artea espresiobide bat da. Haur txikiek ondo hitz egiten ez dutenean artea asko erabiltzen dute esan nahi dutena adierazteko, baina hazten direnean trebetasun hori alde batera uzten dute, Jauregiren ustetan. «Eskoletan arte plastikoa ez da ondo lantzen. Materia guztietan asko aurreratu da, baina artean atzera egin da, ez zaio garrantzia ematen, eta nik uste dut 10 urtetik aurrera gehiago landu behar dela, sentitzen dutena errazago adierazi ahal izan dezaten».

Koloreztatzeko marrazkien fotokopiak gehiegi erabiltzen dira, bere hitzetan, ehungintza edo zeramika bezalako eskulanen kaltetan. Horregatik, artista Alkizan (bizi den herrian) eskolarekin elkarlanean aritzen da, noizean behin haur guztientzako artelan kolektibo bat egiteko, eta honela artearekin gauzak esateko gaitasuna trebatzeko. Bere hitzetan, bide horretatik jarraitzea irakasleen esku dago, baina horretarako «irekiak izan behar dira». Tailer horien eredu bat izan daiteke San Telmokoa, haurrez gain helduak ere parte hartzera gonbidatuak baitaude.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo