GARA > Idatzia > Kultura

«Inpernuko Poza» trikitixa jardunaldiak egingo dituzte bihar eta etzi

GARA | DONOSTIA

Euskal Herriko Trikitixa Elkarteak urtero antolatzen duen «Inpernuko Poza» jardunaldien XI. edizioa izango da bihar eta etzi, Donostiako Udal Liburutegi Zaharreko sotoan, 19.30etik aurrera. Aurtengo xedea diskogintzaren egoera aztertzea da. Bihar Jon Eskisabel kazetaria mintzatuko da musika euskarrietan bizitzen ari garen trantsizioari buruz. Izan ere, diskoen salmentan oinarritutako ereduak aldatzen ari dira eta diskoetxeek negozioa moldatu behar izan dute. Euskal diskogintzan ere aldaketak izan dira, autoekoizpenak gora egin du. Eskisabelek diskoetxeen, sortzaileen eta zaleen arteko harremanari erreparatuko dio.

Ostiralean, berriz, mahai-ingurua egingo dute gai berari helduz. Bertan izango dira Asier Zulueta (Bidehuts autogestiorako mekanismoko kidea), Anjel Valdes (Elkar argitaletxeko arduraduna) eta Gaizka Insunza (autoekoizpena egiten duen taldeko musikaria).

Bakoitzak bere esperientziatik egingo ditu ekarpenak, eta ideia desberdinak partekatuko dituzte eztabaida sortuz.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo