GARA > Idatzia > Kirolak> Athletic

ZURI-GORRIEN ORROAK

Herritik sortu zinelako...

 

Aritz SOLABARRIETA Futbolaria

Lasai hasi zuen denboraldiaurrea talde zuri-gorriak, pasa den urteko liskar eta urduritasunik gabe, entrenatzaile berriaren itzulerarekin, azken urteotako fitxaketa gehien eginda, bai kantitatez eta bai kalitatez, eta berton ez daudenak behingoz burutik kenduta.

Denboraldiaurre ona, eta Liga hasiera hobea, lehenengo bi partidetan bi garaipen lortuta. Sei punturekin zeure burua ikusteak konfiantza ematen du lanean jarraitzeko. Egia da bi partida horietan taldearen jokoa ez dela izan oso ikusgarria, baina gauza on asko ikusi dira, batez ere fitxaketa berriek eta harrobitik igotako jokalariek ekarpen handia egin dezaketela.

Baina gurean beti dago zeozer. Taldea Bernabeurako bisita buru-belarri prestatzen ari zela, pasa den ostiralean jakin genuen Manchesterrek 30 milioi euroko eskaintza egin zuela Ander Herrera bertara eramateko, eta horra hor komeriak berriro. Denoi etorri zitzaigun burura pasa den urtean Javi Martinezekin gertatutakoa, eta presidenteak berak, orduan hartu zuen jarrera bera erakutsi zuen: «Guk ez dugu negoziatuko, fitxatu nahi badute, etete klausula ordain dezatela». Ernesto Valverderentzat, zorionez, azkenean fitxaketa ez da gauzatu, oso zaila izango bailitzateke merkatuan Herrera bezalako jokalari bat bilatzea.

Operazioa ez bada burutu, zergatik izan da, jokalariak eskaintza horri ezetz esan diolako ala azken momentuan talde ingelesak beste jokalari bat nahiago izan duelako? Hori da galdera. Eta uste dut erantzuna denok dakigula. Alde batetik esan, kirolari bezala guztiz ulertzen dudala jokalariaren jarrera, Manchester bezalako talde batek dei eginez gero oso zaila izan behar baita ezezkoa ematea; baina beste alde batetik, oso arriskutsua iruditzen zait azken denboraldietan lehenengo taldean gertatzen ari dena. Batzuek esango dute Herrera Zaragozako harrobian hazitakoa dela, ados, baina Amorebieta? Eta Llorente? Bi hauek Lezaman umetatik hezitakoak dira eta atzeko atetik irten behar izan dute, maila oso oso ona eman eta gero.

Ez dakit zer, baina argi dago zeozer gaizki egiten ari garela, ez jokalariak edo kluba bakarrik, baizik eta guztiok, eta guztion hausnarketa behar du honek, horrelako egoerak berriro gerta ez daitezen.

Gauzak horrela, talde zuri-gorria Santiago Bernabeu futbol zelaian aurkeztu zen, goizeko hamabietan, ezohiko ordua, bai futbolari eta bai zaleentzako ere, eta lehenengo ezustekoa hamaikakoan aurkitu genuen. Herrera aulkian geratzen zen. Partida amaieran Valverdek esan zuen Manchesterreko fitxaketarekin zerikusirik ez zuen erabakia izan zela; esan beharreko hitzak.

Mikel Rico, Beñat eta Iturraspek osatu zuten zelai erdia eta nahiko hasiera ona eman zioten partidari, elkarrekin jokatzen zuten lehen aldia izanik. Baina Real Madrilen kontra zerbait lortzeko lehenengo eta behin ondo defendatu beharra dago partida osoan zehar, eta gero erasoan izango dituzun aukerak aprobetxatu. Teoria erraza da. Baina egia da lehenengo zatian batik bat, taldeak erasoan ez zuela min handiegirik egin, eta gol bietan izan zituen akatsekin, zaila da Madril iparraldetik emaitza on bat ekartzea.

Baina gauza positiboak ere ikusi genituen igandeko partidan. Lehena, bi atezain on ditugula, eta batak edo besteak jokatu, maila ona emango dutela. Bigarrena Laporte gaztearen partida bikaina, horrela jarraituz gero, laster hasiko dira honen inguruko zurrumurruak ere. Eta hirugarrena, pixkanaka bada ere Iker Muniain orain bi urte emandako mailara hurbiltzen ari dela, defentsan lan asko eginez eta erasoan gero eta erabakigarriago izaten. Badauka bere premia Ernesto Valverderen taldeak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo