GARA > Idatzia > Kultura

Nogerasek 2016 Patronatuaren adostasuna nabarmendu du

Itziar Nogerasek, Donostia 2016 proiektuaren zuzendari orokor berriak, bere izendapenak sortu duen zalapartaren aurrean, Patronatua osatzen duten lau erakundeek aho batez bere alde egin izana nabarmendu zuen atzo, hautapen prozesuaren gardentasuna defendatuz. Kudeaketan duen esperientzia aldarrikatu zuen bere balio nagusi moduan.

p037_f01.jpg

Ane ARRUTI | DONOSTIA

Itziar Nogerasek (Donostia, 1966) bere lehenengo agerraldi publikoa egin zuen atzo Donostia 2016ko zuzendari orokor gisa. Etapa berria «osasunez, gogoz eta indartsu» hartzen duela esan zuen, eta aurreko zuzendaritzari eskertu egin zion bere «eskuzabaltasuna eta proiektuarekin duten konpromisoa». Aurrerantzean, «erantzukizun ariketa handia egin behar dugu eta jendeak espero duenari erantzun», azaldu zuen, eta berak egingo duen kudeaketa «parte-hartzailea, gardena eta erantzukizunean oinarritua» izango dela azpimarratu.

Nogerasek Donostia 2016ren egoitza berrian egin zituen adierazpen hauek, Easo kaleko su-hiltzaileen egoitza izandakoan. Deialdiak sekulako ikusmina piztu zuen komunikabideen artean. Izan ere, izendapenaren inguruan polemika handia izan da udan zehar, «ABC» egunkari espainiarrak Nogerasen mezu elektroniko bat publiko egin ostean.

Nogerasek nabarmendu zuen bere hautagaitza aho batez onartu duela Patronatuak, lau erakundeak -Donostiako Udala, Gipuzkoako Diputazioa, Lakuako Gobernua eta Madrileko Gobernua- adostasunera iritsiz eta kontrako botorik egon gabe. Gainera, prozesua bermatzeko enpresa batek egindako lehiaketa egon da tartean, eta gaineratu zuenez, Patronatuak enpresa horren gomendioak jarraitu ditu. «Pentsatzen dut asko hitz egin behar izango zutela guztiak adostasunera iristeko. Ez da alegaziorik ezta errekurtsorik ere egon eta guztiz babestua sentitzen naiz. Espero dut konfiantza horri erantzun ahal izatea», esan zuen.

Udaletik zuzendari izateko proposamena iritsi zitzaiola aitortu zuen Nogerasek eta emaila «informatiboa zen, proposamenaz hitz egiten zuen». Gero abiatu zen lehiaketa. Polemika ikusita, aurrera egin ala ez zalantzak izan zituela adierazi zuen, baina bere «sareak» emandako animoek, «proiektuak eta nire motibazioak» eta Donostia 2016 egitasmoa zuzentzeko «nire ibilbide eta esperientziak balio zezakeela konbentzituta», aurrera egitea erabaki zuen.

Euskal Filologian lizentziatua, Kulturaren Transmisioan masterra du Nogerasek eta urte luzez Elhuyar fundazioan aritu izan da lanean. «Momentu zail eta gogorrak pasa ditut. Prozesua prentsan egon delako. Baina balio izan dit ikusteko, ezberdintasunen gainetik, zenbat jende dagoen proiektu hau arrakastatsua izatea desio duena».

Europatik iritsi zen txostenaren inguruan, bertan ageri diren hobekuntza gomendio gehienak konponduta daudela adierazi zuen. Lan talde berria, 21 pertsonez osatua, astelehen honetan hasi da lanean.

PROZESU GARBIA

Bere izendapena hautatzeko prozesua «garbia eta guztiz zuzena» izan dela azpimarratu zuen Nogerasek. Udaletik proposamena iritsi zitzaiola aitortu zuen, baina azkenean lehiaketa bidez aukeratu dutela aho batez.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo