GARA > Idatzia > Kultura

Flamenko musikak eta dantzak hartuko du Bilbo irailean, jaialdi eta topaketen bitartez

p040_f02.jpg

Jonebati ZABALA | BILBO

Bilbao Flamenco jaialdiak eta «Xarma duen itsasadarra» topaketek flamenkoan murgilduko dute hil honetan Bilbo. Elkarren osagarri izango dira, goi mailako kalitatezko flamenko artistak, berriak, bertokoak eta zaleentzako tailerrak bilduko dituzte ekimenek. Bilbao 700 Fundazioak eta Bilbao Flamenco elkarteak taxututako kartelaren burua Estrella Morente izango da, Eva Yerbabuena, El Niño Josele, Jesus Mendez eta Diego del Moraorekin batera. Jaialdiko bederatzi kontzertuak Campos antzokian eta NH Villa de Bilbao hotelean izango dira, irailaren 3tik 14ra bitartean. Sarrerak 8 eta 20 euro artekoak dira. 32 euroko abonamendua ere badago ziklo osorako.

Era berean, Kultura eta Hezkuntza Sailak «Xarma duen itsasadarra» flamenkoaren inguruko topaketen zortzigarren edizioa antolatu du, irailaren 5etik 28ra. Hiriko Ibaiondo barrutiko hainbat agertokitan egingo dituzte: San Frantziskoko Udaltegia, Bidebarrietako Liburutegia, Bilborock eta Eliz Museoa. Edizio honetan, eta topaketei hasiera emateko, «Tablao kalean» ekimena egingo da. Bihar, Zazpi Kaleetan, La Bolsa eta Andra Maria kaleren kantoian, eta irailaren 20an Santiago plazan, flamenkoa kalera aterako dute tablao baten bidez. Generoa kaleko jendeari hurreratzen saiatuko dira, publiko berria erakartzeko asmoz. Malagako Marina Perea dantzaria igoko da taula gainera lehenengo saioan, eta Basauriko Maria Cordoba kantaria, bigarrenean. Tailerrak dira topaketen ardatz nagusia; cantea, dantza, gitarra, txalo eta konpasa lantzeko... Igandean amaituko da izena emateko epea. Egitarauari buruzko informazioa: www.bilbaoflamenco.com, www.kulturabarrutik.net edo 010 telefonoan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo