Alardea berdintasunean bizitzea da Jaizkibeleko kideen ametsa
«Amets» baten berri eman zuen Jaizkibel konpainiak, aurtengo Alardea berdintasunean bizitzearen ametsaren berri, alegia. Azken egunetan Aitor Kerejeta Hondarribiko alkatea «hautsak harrotzera» atera bada ere, igande honetan festa giroan aterako direla iragarri zuten.
Aimar ETXEBERRIA | HONDARRIBIA
Igandean Hondarribian ospatuko den Alardea dela-eta, prentsaurrekoa eskaini zuen atzo Jaizkibel konpainiak, ospakizunari begira bere jarreraren berri emateko. Izaskun Larruskain konpainiako kapitainak hartu zuen hitza, eta adierazi zuenez, euren «ametsa» da aurtengoan Alarde parekidea baztertzailearen baldintza berberetan ospatzea. «Ez ditugu garai samurrak bizi, baina, hala ere, Jaizkibel konpainiak eta gurekin bat egiten dutenek amets bat dugu; irailaren 8 batean, Hondarribiko gizon eta emakumeok Alardea berdintasunean bizitzea», esan zuen.
Azken 20 urte hauetan amets hori lortzeko lanean ari direla azpimarratu zuen, eta aurtengoan, «behingoz, itxaropen hori dugu. Irailaren 8a festa giroan eta elkarrekiko errespetuan igarotzea».
Alkateari erantzuna
Dena ez zen, ordea, amets eta itxaropen izan Larruskainen hitzetan. Pasa den asteburuan, Aitor Kerejeta herriko alkateak elkarrizketa eskaini zion «El Diario Vasco»-ri. Bertan, Alarde mistoa «manifestazio bat» zela adierazi zuen, eta bide horretatik ez zutela ezer lortuko egotzi zien Jaizkibel konpainiako kideei. Horren aurrean, «hautsak harrotzea» egotzi zion Larruskainek, baina gaineratu zuenez, Kerejeta «alferrik» jardun zen. «Alferrik, alkate jauna. Jaizkibel konpainiak ez dio zuk botatako amuari helduko. Ez zuk ez beste inork ez gaitu geure helburutik aldenduko», aldarrikatu zuen.
Hondarribiar guztiek bezala, eurek ere bakea nahi dutela gaineratu zuen, ez liskarra. «Festa bizi nahi dugu, ez dugu beste helbururik», azpimarratu zuen.
Gauzak horrela, igandean festa giroan aterako direla aurreratu zuen konpainiako kapitainak, «alkateak eta hura akuilatzen dutenek besterik nahi badute ere». Alarde baztertzaileko kideek eurak ez ikusteko plastiko beltza erabiltzen badute ere, aurrera egingo dutela adierazi zuen, «nahiz ez dugun onartuko aurreko urteko baldintzetan izatea». Bestalde, igandea bitartean denbora dagoela-eta, akordio bat lortzeko nahia adierazi zuten.
20 urte dira jada Jaizkibel konpainia «berdintasunean» ospatuko den Alarde baten alde lanean hasi zenetik, baina jakin badakite «ametsak ez direla debalde lortzen».