«Titi-bilitia», ekitaldiz beteta datozen Hondarribiko jaiei hasiera emateko
Badirudi krisiak ez duela eraginik izan Hondarribiko jaiak antolatzeko orduan. Aurreko urteko aurrekontua mantenduz, ekitaldi gehiagoz gozatzeko aukera izango dute herritarrek. «Titi-bilitia»-k emango du aditzera jaiak hasi direla, nahiz eta atzotik dabiltzan hondarrabiarrak parrandan. Urteak joan urteak etorri, bikain erantzuten dute herriko elkarte eta eragileek eta 30 dira jaietako ekimenen bat antolatzen parte hartu dutenak.
GARA | HONDARRIBIA
Hondarribiarrak atzotik dabiltza parrandan, nahiz eta gaur emango dien «Titi-bilitia»-k hasiera ofiziala herriko jaiei. Lau egun dituzte aurrean festaz gozatzeko, modu eta adin guztietako ekimenekin osatu baitute jaietako programa. 1638. urteko setio egoeratik askatu izana ospatzen dute gaurko egunez, eta hau da biharko Alardearen oinarria. 12.00etan jaurtiko dute suziria eta, jarraian, txistulariak ibiliko dira «Titi-bilitia» jotzen. Gaur emango dute, era berean, Urrezko Intsignia. Juan Mari Bello sarituko dute aurten, urteetan zehar herrigintzan egin duen lanagatik (ikastolen mugimenduan, arraun elkartean...). Itziar Mendizabal ballet dantzariak jaso zuen saria iaz.
Biharko egunak, aldiz, Alardea izango du ardatz. 5.00etan hasiko dira ekimenak. Hori horrela, ez dute gaur gauerako musika kontzerturik programatu. «Alborada»-rekin hasiko dute eguna. 6.00etan, aldiz, danborrariak eta musika banda aterako dira kalera, esnatu ez direnei azken bultzada ematera. Jaizkibel konpainia izango da aurrena desfilatuko duena, eta atzetik egingo ditu bereak konpainia baztertzaileak. Joan den asteartean prentsaurrekoa eskaini zuten Jaizkibelgo kideek eta «errespetuan» oinarritutako jarreren aldeko aldarrikapena egin zuten. Plastiko beltzak ikusita ere, euren ekimenarekin aurrera egingo dutela azaldu zuten, nahiz eta aurreko urteko baldintzetan egitea ez onartu.
Nolanahi ere, jaiak ez dira Alardearekin amaitzen. Asteazkenera bitarte era guztietako ekimenak dituzte hondarribiarrek euren gozamenerako. 60 ekimen sartu dituzte guztira jai egitarauan, Txomin Sagarzazu Kultura zinegotziak GARAri aipatutakoaren arabera. Honen hitzetan, horien erdiak orotariko publikoari zuzenduta daude; laurden bat, herriko gaztetxoei begira antolatuak dira; eta heren bat izango litzateke gazteen gozamenerako. Aipatutako 60 ekimen horietatik 30 herriko elkarte edo eragileren batek antolatuak dira. Herritarren parte hartzea «handia» da jaietako ekimenak antolatzeko orduan, Sagarzazuren esanetan, «urteetan mantentzen da gainera». Hori da hainbeste ekimen izatearen «sekretua», zinegotziaren ustez, «nahiz eta jaietako aurrekontua mantentzea lortu dugun.
Aipatzekoak diren ekitaldiekin jarraituz, ezin aipatu gabe utzi asteartean gazteek egingo duten herri bazkaria; horretan giro «paregabea» izaten dela ziurtatu du Sagarzazuk. «Bazkariaren aurretik eta ondoren jolasak izaten dira eta elektrotxaranga batek ere jotzen du. Oso bizia izaten da bertan sortzen den giroa».
Kontzertuak
Gaueko kontzertuak dira jaietako eskaintza erakargarrienetakoa. Hilaren 6an Los Suaves taldeak joko du; hortik bi egunera, 8an, aldiz, Blues Torpes-ek; 9an, berriz, Las Esfintters Hondarribiko taldeak, Javier Escovedo estatubatuarrarekin batera; 10ean euskal musika izango da protagonista, Gorka Knörren, Izaki Gardenak taldearen eta Hesian-en eskutik; eta hilaren 11n Efecto Pasillo taldeak itxiko du jaietako musika eskaintza.