Mairuelegorreta, agertoki bihurtutako enegarren kobazuloa
Frankismo garaitik ospatzen den Euskal Jai zaharrenetarikoa hartuko du Zigoitiko (Araba) udalerriak beste behin Zigoitia Euskaraz jaiarekin. Hurrengo igandean Gorbeiako Mairuelegorretako leizean egingo den goizeko jaialditxoa da ospakizun nagusia, nahiz eta jaia gaur hasi. Aurten, Eñaut Elorrieta abeslaria eta Uxue Alberdi eta Miren Amuriza bertsolariak izango dira, beste behin, kobazuloko oihartzunean euskara hedatzen lagunduko dutenak.
Amaia GARTZIA | GASTEIZ
Mairuelegorreta, Gorbeiako oinetan kokatzen den Zigoitiko koba ezaguna, euskal doinuez beteko da hurrengo asteburuan, Zigoitia Euskaraz jaiaren baitan. «Tradizio handikoa» den euskal jai hau, «frankismotik» egiten dela zehazten dute Udaleko arduradunek; hain zuzen ere, 60ko hamarkadatik-edo ospatzen dute euskara ardatz duen jaia. Aurten, Gorbeiako leize mitikoan Eñaut Elorrieta abeslaria eta Uxue Alberdi eta Miren Amuriza bertsolariak izango dira. Horrez gain, kokapenarekin bat, Koldo Alijostes mitologia kontalariak ipuin musikatua eskainiko du. Orobat, Gasteizko Algara dantza taldeak ezpata-dantza egingo du. Irailaren 15ean ospatuko da ordubete inguru irauten duen jaia. Zigoitiko Udalak goiz heltzea gomendatu du, leizerako bidea oinez egitekoa baita, eta 40 minutu ingurukoa da. Koba barneko ospakizuna 11.00etan hasiko da. Horrez gain, linternak eta frontalak eramateko deia egin dute.
Bizikleta martxa
Bestalde, azken urteetan jaia luzatu dute, eta bi asteburu hartzen ditu. Hala, gaurtik hasita, bizikleta martxa egingo dute. Akostatik Buruagara, arratsaldeko lau eta erdietan hasita, Zestafe, Eribe, Berrikano, Etxabarri-Ibiña eta Mendarozketako herriak zeharkatu beharko dituzte. Ondoren, indarrak berreskuratzeko, 18.00etan askaria izango da, eta hortik ordu erdira, haurrek Zurrumurru taldearen «Arkakusoaren zirkoa» antzezlanaz izango dute. Bihar, Etxaguenen, euskarazko meza izango da eguerdian, Mairu abesbatzaren parte hartzearekin. Jarraian, Oketa Alai dantza taldearen emanaldia izango da, eta eguna amaitzeko, Gopegira lekualdatuko da jaia. 18:00etan kuadrillen arteko herri-kirol eta jokoen desafioekin. Betiko legez, otordu txiki batekin amaituko da ekintza.
Hurrengo egunean, eta Mairuelegorretako jaialditxoaren ostean, herri bazkaria egingo dute 15.00etan. Gero, dantza-plazak mugiaraziko ditu zigoitiarrak, 16.30ean. 17.15ean, aurreko eguneko herri-kiroletako sari banaketa egingo dute. 17.30ean, erromeriarekin amaituko da aurtengo Zigoitia Euskaraz jaia, Zesuma taldearekin.
Mairuelegorretako jaialdia 1963an sortu zuten Manuel Iradier Txango Elkarteak eta Arabako Espeleologia Elkarteak. Urte hartan, leize-zuloko «zezen plaza» deritzon tokian ospatu zen, 27 metro zabal eta 16 metro luze dena. Azken urteetan, zitak 600-700 pertsona biltzen ditu; garai ilun haietan 2.000 lagun biltzera iritsi zen. 1975ean Euskal Jaia ospatzeari utzi zioten, gerora, 1988an berriz ekiteko, Gopegin, eta hurrengo urtean, Mairuelegorretan berriz. Orduan Euskal Jaia izatetik Zigoitia Euskaraz izatera igaro zen. Ordutik asko izan dira Mairuelegorretan izandako artistak: Amaia Zubiria, Pantxoa eta Peio, Erramun Martikorena, Anje Duhalde, Mikel Urdangarin, Mikel Markez, Kepa Junkera...
Gaur arratsaldean, 18.30ean, umeentzako antzerkia izango da Zurrumurru Taldearen «Arkakusoaren zirkoa» antzezlanarekin. Ondoren, askaria eta dantza-plaza ekitaldia egingo dute Buruagan.
Zigoitiko Udalak linternak eta kopeta-argia eramateko gogorarazi dute, bai eta goiz bertaratzeko deia egin ere. Izan ere, kobara oinez baino ezin da iritsi, 40 bat minutuko ibilbidetxoa eginda.