harri-jasotzea Marka saiakera
Irigoienek 150eko zilindro zaharrarekin probatu nahi du
Errezildarrak hiru minutuko txanda bakar bat izango du lanerako, eta tarte horretan 20 jasoaldi gainditu nahi ditu, marka eder bat eginda uzteko.
Jon LEUNDA
Aimar Irigoienek marka saiakera egingo du bihar Bedaioko pilotalekuan, 18.30etik aurrera. Errezildarrak 150 kiloko Manterola harria erabiliko du, eta hiru minutuko txanda bat izango du lanerako.
Harri honek 57 urte ditu, eta Manterolak erabili zuen Soarteren aurka jokatu zuen apusturako. Zilindro zaharra da, baina orain erabiltzen dena baino txikiagoa. 24 ontza ditu, eta eskuak sartzeko zuloak, berriz, kantoietan ditu, eta ez aurrean, oraingoek izaten dituzten bezala. Harriak bera zailtasun handikoa da, eta oraingo zilindro zaharra baino zailagoa da jasotzeko.
Hiru minutuko txanda batean harri honekin ez du inork lanik egin oraindik, eta ez dago erreferentzia handirik. Goenatxok bost minutuko bi txandatan dauka marka bat egina. Txanda bakoitzean 17 eta 18 jasoaldi lortu zituen, baina ez da gauza bera hiru minutuko txanda bakar bat egitea edo bost minutuko bi egitea.
Bere garaian Manterolak eta Soartek hamar minutuko hiru txanda izan zituzten lanerako, eta Manterolak irabazi zuen, harriari 100 jasoaldi emanez. Marka hori, urte batzuk geroago Zela bizkaitarrak apurtu zuen, guztira harria 122 aldiz bizkar gainean berdinduta.
Horrek guztiak, ordea, biharko ez du asko balioko, eta errezildarrak garbi utzi du 20 jasoaldi pasatzea izango duela helburua. Hori lortuta, gustura geratuko omen litzateke.
Kintopekoak
Kintopekoen edo gazte mailako Euskal Herriko finala bihar jokatuko da Zarauzko lege zaharreko plazan, 18.00etan hasita. Euria egingo balu, Zinema pilotalekura eramango litzateke.
Lanean lau harri-jasotzaile gazte arituko dira, eta denak ere gipuzkoarrak izango dira. Jagoba Otaegi, Mikel Lopetegi, Xabat Olaizola eta Iñigo Eizagirre arituko dira nor baino nor.
Harri-jasotzaile bakoitzak 100 kiloko kubikoa eta pisu bereko zilindro zaharra erabili beharko ditu, eta bakoitzarekin lanean aritzeko, berriz, hiru minutuko txanda bana izango dute.
Jagoba Otaegi da egungo txapelduna, eta bera izango da garaipena lortzeko faboritoa, baina beti ere Lopetegi kontuan hartuta. Azken hau ikaragarrizko maila erakusten ari da. Harri-jasotzaile oso dotorea da, eta etorkizuna ere handia du.
Badirudi bi harri-jasotzaile hauen artean egongo dela Zarauzko txapela, baina beste biak ere ezin dira bazterrean utzi. Kirolari oso gazteak dira laurak ere, eta maila ona izan arren, urduritasunak ere honelakoetan zerikusi handia izaten dute. Hori gainditzen ere ikasi beharra daukate, eta kezka horiek ongien menperatzen dituenak ere irabazteko asko izango du.
Herri kiroletako txapelketa garrantzitsu batzuen datak eta lekuak zehazteke daude oraindik, baina apurka-apurka horiek ere ari dira ezagutarazten.
Euskal Herriko harri txikien Txapelketa urriaren 13an jokatuko da Martuteneko ikastolako jolas eremuan.
Hemen, aizkoran bezala, mailarik ez dagoenez, parte hartze librea izaten da, eta horretarako izena eman behar da. 94 681 81 12 telefono zenbakira deitu beharko dute parte hartu nahi duten guztiek.
Pentsatzekoa da bertan izango dela Aimar Irigoien, azken urteotako txapelduna, eta uste izatekoa da parte hartzaile kopuru polita izango dela ere. J.L.
Horrela deitzen diote bihar Aimarrek erabiliko duen harriari. Zilindro zaharra da, baina antzinako horietakoa, oraingoak baino txikiagoa, eta eskuak sartzeko zuloak, berriz, kantoietan ditu.
Otaegi, Lopetegi, Eizagirre eta Olaizola lehiatuko dira bihar Zarautzen, gazte mailako Euskal Herriko txapela lortzeko asmoz. 100 kiloko kubikoa eta pisu bereko zilindro zaharra erabiliko dituzte.