GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

aizkora

Olasagastik eta Atutxak Txapeldunen Ligako saioa izango dute

J.L.

Joxemari Olasagasti eta Aitzol Atutxa neurtuko dira bihar Urrezko Aizkorako Txapeldunen Ligako zazpigarren jardunaldian. Saio honetan Juanjo Lopez zen aritzekoa, baina Lezaungoak ezingo du bihar lanean jardun, eta bere ordez arituko da Igeldoko aizkolari beteranoa.

Kirolari bakoitzak sei lan ezberdin egin beharko ditu, eta denetako denborak batu ostean, onena duenak lortuko du garaipena. Saioa bera oso erakargarria da, bi aizkolari ezberdin neurtuko baitira. Atutxa, mailarik gorenera heldu berria, Lehen Mailako gazteenetakoa da, eta gipuzkoarrak, berriz, urte asko daramatza maila gorenean, eta oraindik hantxe jarraitzen du. Biak indartsuak eta kolpe handikoak direnez, ikuskizun polita eskainiko dute.

Asteazkenean jokatuko da zortzigarren jardunaldia, eta Ordizian izango da. Hor Floren Nazabal eta Joseba Otaegi arituko dira nor baino nor.

Alkizako jaialdia

Alkizan gaur jokatuko da bertan urtero egiten den torneoa. 23.00etatik aurrera bertako pilotalekuan hiru bikote lehiatuko dira. Olasagastik eta Atutxak, bihar Urrezko Aizkorako Txapeldunen Ligan elkarren aurka arituko direnek, gaur bikotea osatuko dute. Beste bi bikoteak, berriz, Donato Larretxea eta Anjel Arrospide eta Luix Txapartegi eta Floren Nazabal dira.

Aizkolari beteranoen alde egin dute aurten Alkizan, Atutxa kenduta gainerako guztiak 40 urte pasatakoak baitira. Bizkaitarra, berriz, oraindik ez da heldu 25 urtera. Hala ere, ikusmin handia pizten duen ekinaldia izaten da hau, eta Alkizako pilotalekuan jendetza batuko da saioa zuzenean jarraitzeko asmoz.

Gaur aizkolariak ikustera joaten diren guztiek, gainera, Izeta II.a eta Izeta IV.a harriak jasotzen ikusteko parada ere izango dute. Jaialdia oso dotorea da, ikuskizuna ere ez da faltako eta zaleek gozatzeko modu polita izango dute gaur gauean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo