Estrasburgoren zain, herritarren epai argia
Honetaraz gero, ez dago Estatu espainolaren eta frantsesaren espetxe politikaren ondorioak azaltzen luzatu beharrik. Aste honetan bertan izan ditugu horien bi erakusgarri, preso baten senideen istripua eta beste bati emaztea hil baino lehen azken agurra ematea ukatu izana. Ez dago, beraz, 197/2006 doktrinaren ondorioez ere gehiegi esan beharrik. Legearen atzeraeraginezko aplikazio hori gabe, gaur egun 54 euskal preso gutxiago izango lirateke kartzeletan. Ondoriook, doktrina hori ezarri dieten presoek eta haien senideek ezagutzen dituzte ondoenik, jakina, baina herri honetan gehienek badakite zertan den espetxe zigorra luzatzea dakarren legearen interpretazio hori, eta Estrasburgoko Auzitegiak ere, Ines del Rio euskal presoaren kasua aztertuta, argi asko ikusi zuen, aho batez doktrinaren aurkako epaia eman baitzuen. Estatu espainolak, ordea, helegitea aurkeztuta, ez zituen disimulatu ere egin auzitegi horren behin betiko ebazpena baldintzatzeko presioak. Eta erabaki horren zain ere, dagoeneko bada epai argi bat, edozein auzitegik baino zilegitasun handiagoa duena: Herritarron Epaia. Datorren 14an Iruñeko Anaitasunan jendaurrean aurkeztuko dute eta, halaber, estatuak herri honen bake eta normalizazio bidean urratsik ñimiñoena ere egiteko prest ez daudela ikusita, euskal gizarteak bide horretan duen funtsezko papera nabarmenduko.