Sartzea antolatu ondoren, mobilizazioak bultzatuko dituela esan du Seaskak
Seaskak arranguraz beterik abiatu du ikasturtea. Hendaiako ikastola berriaren egitasmoa blokeatua izateaz gain, botere publikoek agertu duten jarrerak kezka piztu du ikastoletan. Mobilizatzeko asmoa azaldu du.
Ainize BUTRON | HENDAIA
Atzo, ikasturtearen sartze eguna zela-eta, prentsaurrekoa egin zuen Seaskak, Pausuan, Hendaiako Ikastolaren bigarren egoitzan, eta ikastolek ateak ireki berri dituztela, ikasturtea «arranguraz beterik hasi» duela jakinarazi zuen. Uztailean, ikasturtea Alderdi Sozialistaren Baionako egoitza okupatuz bukatu zuen Ipar Euskal Herriko Ikastolen Federazioak, eta egungo egoera ikusirik, behin «sartzea ongi antolatu ostean, mobilizazioak hasiko» dituztela azaldu zuen.
Hendaiako ikastola berriak sortu arazoei aterabidea atzemateko lege berezi baten sorrera eskatzeko Parisen joan den uztaila erdialdean izandako bilera gogora ekarri zuen Indok, bilkura horrek «jarraipen bat» izango duela esanez, hots, «mobilizazioarena».
«Dosierrak aurreko administrazioak baino hobekiago ezagutzen ditu egungo Gobernuak, baina, gu hobekiago suntsitzeko», salatu zuen.
Hendaiako ikastolaren proiektu berriari dagokionez, Udalak apirilaren 23an egitasmoa aurrera eramateko deliberoa hartu ondoren, Suprefetak erabaki horren aurka auzitara jo zuela gogorarazi zuen Seaskak. Egitasmoa gaur egun «blokeatua» dago; beraz, gaur egun, eta ondorioz, aurtengo «urtea oso zaila» izango dela tamaldu zuen Sandra Dacharry Hendaiako Ikastolako lehendakariak. «Egoera azkar aldatzen ez bada, frantses administrazioa Hendaiako ikastolaren inguruan sortzen ari den jokaera berria beste ikastola proiektu berrietara hedatuko da», ohartarazi zuen Indok.
Jada Hendaiaren eragina sumatzen dutela argitu zuten Seaskako ordezkariek: «Gertaerak hainbat hautetsi kezkatu ditu». Esate baterako, Beskoitzen, ikastola berria sartzerako irekitzekotan ziren, baina eraikitzeko baimenak gibelapena hartu du.
«Espero dugu ez dela trabarik izanen, eta Omiasaindu egunerako egoitza berrian izaten ahalko garela», azpimarratu zuten.
Diru-laguntzak behera
Hendaiakoa ez da Seaska arduratzen duen gai bakarra. Diru-laguntzen aldetik beherakada izan dute, eta, Ikuskaritzak hitzemandako postu kopurua ez dio eman. Udaren erdian, izan ere, aurrekontua hesteko bezperan, Euskararen Erakunde Publikoak hitzemandako 25.000 euro kendu zizkiola jakin zuen.
Joan den ekainean Philippe Couturaud akademia ikuskariak hitzeman zizkienak baino bi postu laurden gutxiago eman dizkiete sartzerako.
«Botere publikoek, irakaskuntzaz gain, gure bizkar ezarri dute euskararen berreskurapenerako ildo nagusia, eta eman dizkiguten bi misio horiek betetzeko beharrezko ahalak ez dizkigute ematen», salatu zuen. Horrenbestez, Ikuskaritzarekin eta EEPrekin zerbait negoziatzen dutelarik, batak eta besteak ez dutela errandakoa «betetzen» erran zuen Hur Gorostiaga zuzendariak. Azkenik, Eusko Jaurlaritzak ez duela diru-laguntzarik eman salatu zuen Seaskak. «EAJk hilzorira eraman nahi bagaitu, horrela jarrai dezala».
Seaskaren kopuruak etengabe emendatzen aritu dira azken urteotan. Urtero 100-150 ikasle gehiago biltzen ditu. Joan den irailetik aurtengora, 124 ikasle gehiago daude 31 ikastoletan.
Sohütako ikastola Zuberoako lehen mailako ikastolarik handiena bilakatu da. Eta, Alozen, Zuberoako Basabürüa eskualdeko ikastola garapen handia izaten ari da. 44 ikaslek egin dute sartzea asteartean Alozen.