GARA > Idatzia > Kultura

«Badira bagara», bai Tuteran baita Euskal Herri osoan ere

Ia urtebete lanean eman eta gero, abuztuaren hasieran amaitu dute Olatz Artolak, Itxaso Frauk eta Marta Prolek «Badira bagara» dokumentala, aurten Nafarroa Oinez hartuko duen Tuterako Argia Ikastolari buruzko lana. Atzo aurkeztu zuten Donostiako BCC-en.

Amaia GARTZIA | GASTEIZ

Tuterako Argia Ikastola Erriberako inguru lehorra bustitzen duen haurren euskal itsasargi bilakatu da. Inguru horretako hainbat herritako haurrak ere hartzen ditu aurtengo Nafarroa Oinez antolatzen duen zentroak, Alesbes, Cintruenigo, Corella edota Castejondik, esaterako. Atzo Donostiako Basque Culinary Center-en aurkeztu zuten dokumentalean argitzen den bezala, «batez beste Argia Ikastolako haur batek 3 urtetik 16 urtera munduari lau bira ematen dizkio ikastolako joan-etorrietan». Haur horiek laguntzeko asmoz, Nafarroa Oinez-eko protagonista izango den Argia Ikastola egitekoa zen dokumentala oparitu diote Olatz Artola, Itxaso Frau eta Marta Prol-ek ikastetxeari, burutzeko urtebete inguru behar izan ondoren. Egileez gain, Nafarroa Oinez-eko ordezkariak, eta dokumentalean parte hartu duten ama-alabak izan ziren atzoko agerraldian.

Beste helburuen artean, Nafarroako Euskararen Foru Legeak lurralde hau Euskal Herritik nola aldentzen duen eman nahi izan dute aditzera Mondragon Unibertsitatean ikasten duten hiru neskek, zein garrantzia maila hartzen duen euskarak bertan eta nola oharkabean pasatzen den egoera hori gainerakoan. Hartara, eremu horrek euskara ikasteko egiten dituen ahaleginen eraginaz dihardu, eta horri aipu egiten dio izenburuak: «Badira bagara».

Aurretik Erriberarekin ia harremanik ez zuten egileek euren irakasleak proposatu bezain laster onartu zuten Argia Ikastolari buruzko lan hau egitea: «Gu hiruren bisitak kontatuta ez ginateke bostera ailegatuko, eta hori 21 urteko esperientzia kontuan hartuta», azaldu du Olatz Artolak, Erriberarekiko dagoen isolamendu eta ezjakintasunaren jakitun grabazioak egin dituztenetik. Atzoko emanaldian, inguru horretako emakumeek euskararen biziraupenean izan duten garrantzia agerian geratu zen; izan ere, Argia Ikastolak puntu hori nabarmentzeko asmoa bazuen ere, hiru ikasle hauek hara iritsita ikusi zuten errealitate saihestezina izan da; dokumentalean hitz egiten duten sei protagonistetatik bost emakumeak dira: «Urteetan zehar Erriberan ikastolaren biziraupenaren eta euskararen normalizazioaren alde lagundu dutenak emakumeak izan dira», aitortu du Artolak. Urriaren 20an ospatuko da Tuteran Nafarroa Oinez eta bertan dokumentalaren erakustaldiak egingo direla eta oraindik proiektuari «ahalik eta zabalkunde handiena» emateko asmoa dutela aipatu du Olatz Artolak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo