Markel IRIZAR RadioShack taldeko txirrindularia
Deserriko kantak
Vuelta honetako etapa gogorrenetakoak ekartzen dizkigu Pirinioetan izango garen asteburu honek. Ibilbidez etapa gogorrak badira, itxuraz eguraldiak gauzak erraztu partez zaildu egingo dizkigu; beraz, sufrimenduz betetako etapa batzuen aurrean gaudela onartua dugu. Poliki-poliki, Vuelta jada aurrera doanez, talde bakoitzak bere planak egiteari ekiten dio. Behin Vuelta bukatuta, munduko erlojupeko taldekako txapelketak izango ditut Florentzian.
Gauzak doazen moduan badoaz, Vuelta osoa egin beharko dut, eta horrek esan nahi du igande gauean etxera iritsi, eta astelehen goizeko bederatzietan irteten dela nire hegazkina Loiutik. Gauzak horrela, gauean biberoia hartzeko esnatzen ez badira, nekez ikusiko ditut nire semeak esna.
Vueltatik Florentziarako bidaia honetan, ia 6 aste egingo ditut etxetik pasa gabe, zeren igande gauean ordu batzuetarako besterik ez naiz etxera joango, eta hori Vuelta irabazten ez badugu, zeren orduan etxetik pasatzeko aukerarik ere ez dut izango. Azken hilabeteotako egutegiaren gainean hausnartzen hasi, eta neu ere izututa geratzen naiz... Maiatzaren 1ean irten nintzen etxetik Kaliforniako itzulira joateko. Han 15 egun egin eta gero, 3 egun etxean egin eta Pirinioetan egin nuen egonalditxo bat. Etxean beste 4 egun pasa eta gero, Dauphinen izan nuen hurrengo hitzordua, eta gero Alpeetan Tourrean izango genituen etapak ikusten aritu nintzen. Etxean beste 3 egun egin eta Tourreko Pirinioetako etapak ikusi, erlojupeko txapelketak egin eta pare bat egunen ostean Tourrean izan nintzen hilabetez.
Tourretik etorri, egun bakar bat etxean egin eta Luxemburgora joan nintzen kriterium bat egitera. Ondoren Donostiako Klasika etorri zen. Zuzenean Jakara 25 egunerako Vuelta hau prestatzera, eta Jakatik zuzenean Vueltara. Gaur bertan esan didate, Vuelta irabazten badugu, ezingo naizela etxera lo egitera joan eta Madriletik zuzenean Florentziara joango naizela.
Mahoma mendira ez badoa, mendiak etorri beharko du Mahomarengana. Hau da, etxetik pasatzerik ez badut, espero familia Madrilen ikustea, zeren kontuak oker atera ez baditut, maiatzaren 1etik irailaren 23ra ez ditut Arrasaten 15 egun baino gehiago egingo. Esan daiteke gehien atsegin dudan musika taldeko abeslari Eñaut Elorrietak egin duen diskoaren izenburuak dioen moduan, ia-ia neu ere «deserrian» bizi naizela.
Etxetik eta familiagandik horren urrun izanda, gure bizitza nomada hau dugularik, edozein arrazoirengatik beraien familiengandik banatuta bizi den jendearen azalean jartzen naiz eta, benetan diotsuet, gogorra egiten zaidala. Azken hilabeteetan izandako «ajetreoa» bukatzen denean, Oñatiko sanmigeletan lagunekin gozatu, familiarekin planak egin eta etxealdean «lasai» antzean ibiltzea izango dut helburu.
Zeren deserriak zerbait erakutsi badit, etxetik lasterketetara gustura joan arren, etxera buelta askoz gusturago egiten dudala da. Horregatik, bukatzeko, edozer dela-eta deserrian dauden euskaldun guztiei besarkada bero bat bidali, eta ahal bezain laster beraien herria eta familia ikusteko aukera izan dezatela opa diet. Ametsek egin duen lan bikaina ahaztu gabe. Ez du irabazterik lortu, baina oso lan ona egin duelako.
Bejondeizula.