GARA > Idatzia > Iritzia> Txokotik

Xabier Izaga Kazetaria

Eliza espainiarra bezain etika neutrala

Nire lagun batek zoruak jartzen ditu. Normalean, parket flotatzailea, baina garaiok ez daude milikeriatan ibiltzeko moduan eta eskaintza zabaldu behar izan zuen. Hartara, besteak beste, harlauzak eta zoru etikoak ere jartzeko prest zegoen. Baina ezusteko galanta hartu zuen lehengoan Patxi Lopezi entzunda, zoru etiko bakarra dagoela jakin zuenean. Eta jarrita dago. Hura zapaltzen ez duena ostrazismoaren sugarretan iraungizeko arrisku bizian da. Baita infernukoetan ere, zapaldu beharreko zoru hori Munillaren aginte moralaren araberakoa da eta.

Zoru etikoa delakoa denek partekatu beharreko jarrera etikoa dela uste nuen nik, gutxi gorabehera. Baina etikak jabe bakarra baldin badu, ez dago ezer partekatzerik, jabe horren zuzendaritza etikoari men egin beharra dagoenez gero. Horiek horrela, zertarako da bake eta bizikidetza lantaldea?

Arreta eman zidaten (harritzeko motiborik ez, ordea) Solsona, Tortosa eta beste zenbait lekutako gotzainek Kataluniako Diadako giza katea dela-eta esandakoek. Irailaren 11n, katea hastean, beren elizetako kanpaiak ez jotzeko asmoa agertu zuten, «Elizak neutrala izan behar du» eta. Gustura jakingo nuke Espainiari lotuta segitzeko aldarria balitz, neutraltasun bera erakutsiko luketen. Nolanahi ere, ados nago, Elizak ez luke inongo aukera politikotan nahastu behar. Eliza espainolaren kasuan, baina, Kataluniako gotzain horiek beteko dute lehen aldiz esandako araua. Ez dugu frankismoraino joko, eta Munillaren azkenaren gainetik ere pasatuko gara, baina adibideren bat ekarriko dugu. Zein hobe Espainiako Gotzain Konferentziako presidenteak eskaini dizkigun ugarietako bat baino? Nazionalismoa -Espainiatik adendu nahi duena, jakina- arbuiatu zuenekoa, «Eliza espainiar nazioaren izanaren eta bilakaeraren funtsezko atala» izan omen baita beti.

Erraz jarri zien Roucok Lopezi eta enparauei zorugintzan jarduteko bidea. Baten batek esango du Patxi Lopezenak ez duela zerikusirik kontu nazionalekin, baina paranoiko honek independentziaren aldeko indarrak aterpe etikotik eta, beraz, politikotik egozteko saio bat -beste bat- ikusten dut.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo