GARA > Idatzia > Iritzia> Jo puntua

Floren Aoiz www.elomendia.com

«Segur que tomba...»: tira dezagun!

Katalunian, Euskal Herrian bezala, aldaketa askatzailea etorriko da indar askatzaileek asmatzen duten heinean eta, bereziki, herritarren parte hartze zuzen eta eraikitzailea bermatzen bada

Lluis Llachen kanta ezagunaren hitzak errepikatzen dira ene gogoan Diadaren aurreko egun hauetan.

Eroriko da, segur? Bai, norbaitek erorarazten baldin badu. Etorkizuna ez dago idatzita. Espainiar Estatuaren defuntzio agiria ez dago sinaduraren zain, batzuek hala uste badute ere.

Edonork atzematen du zuzen eta bizkor doala espainiar Estatua gainbeheran. Baina aski da hori Llachen «Estaca» erortzeko? Ustelkeria, burbuilen leherketa, aspaldiko okerrak berritzeko joera, aldagai hauek guztiek bultzatzen dute, baina ez dira aski. Norbaitek espero badu espainiar Estatua konbustio espontaneoz erretzea, alferrik ari da.

Krisialdiaren erdian ere, nahiz eta porrota handia izan, estatu bat ez da hain erraz erortzen. Inertziak haren alde egiten du, mendeetako zamak haizeak eramatea zailtzen du. Polita da esatea ezin dela ezer egin herri baten borondatearen aurrean, baina bizi garen mundua hagitzez ere konplexuagoa da. Herri baten borondatea geldiezina bilakatzen ahal da estrategia eta bitarteko egokiak hautatzen baditu, abian jarri eta eman beharreko urratsak egiten baditu.

Pentsalari katalan batzuek esan dutenez, arriskutsua izanen litzateke ibilbidearen azken atalburua jada idatzita dagoela pentsatzea. Urrats handiak egin ditu Kataluniak -lurralde afera korapilatsua gorabehera-, indarrak biltzeko eta kalera ateratzeko gaitasuna nabarmendu direlarik. Badugu zer ikasi haiengandik, baina inork ez daki zer gertatuko den hurrengo urteetan. Irekitako prozesua bizkortu daiteke, baina geldiera edota zatiketak gertatzen ahal dira, halaber. Jokoan ari diren protagonisten jarduerak ezarriko ditu hurrengo etapen nondik norakoak.

Ona da konfiantza, ederra ilusioa, baina hori baino gehiago behar da egitasmo aldatzaile bat aurrera eramateko. Espainiar Estatutik joatea ez da helburu makala eta, Kataluniaren kasuan, ezin da ontzat eman Madrilgo botereek kirol espirituaz hartuko dutela sezesio plana.

Aurtengo Diadan eginen den giza kate erraldoiak mugimendu independentistak duen antolakuntza maila eta herritarren atxikimen espektakularra jarriko ditu agerian. Gustatuko litzaiguke halako zerbait egiteko aukera izatea, ezta? Baina kapital itzel hori ongi kudeatu behar da, alderdikeriaren menpe eror ez dadin, zapuzketaren lohian ito ez dadin.

Katalunian, Euskal Herrian bezala, aldaketa askatzailea etorriko da indar askatzaileek asmatzen duten heinean eta, bereziki, herritarren parte hartze zuzen eta eraikitzailea bermatzen bada. Eta horretarako estatuen oztopoei aurre egin behar zaie, konfrontazioaren beldurra galduz. Ongi dago konbentzitzea, baina ezin delarik, beste bideak hartu behar dira. Kataluniar eta euskal herriek ez dute espainiar edo frantziar agintariak konbentzitzeko aukerarik. Oztopoak gainditzea beste bide batzuetatik etorriko da: prozesua gelditzeko ezintasunak «konbentzituko» ditu estatuak. Horregatik, beharrezkoa da kalera ateratzea. Eta lehia une honetan, kalera atera behar dugu euskal independentistok ere, katalanekin bat egiten dugula adierazteko.

Eroriko da ala ez, baina guk tiratu eginen dugu.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo