GARA > Idatzia > Euskal Herria

Auzokideen ahalegin eta laguntzaz atera dira aurrera Mamarigako aurtengo jaiak

Atzo hasi ziren Mamarigako jaiak pregoi bikoitzaren irakurketarekin. Auzoko Jai Batzordeak bizilagunei eskerrak eman zizkien, Santurtziko Udalak jaien aurrekontuan egindako murrizketen ondorioz, horiek atera baitituzte festak aurrera. Guztien ahaleginarekin irailaren 15a arte jai giroa nabarmena izango da auzoko kaleetan. Bihar, Arrantzale Eguna ospatuko dute, herriko arrantzaleak eta sardinerak omentzeko.

p023_f02_147x112.jpg

Jonebati ZABALA | SANTURTZI

Atzo hasi zituzten Mamarigako jaiak. Ostegunean, dena dela, giroa berotzen eta batez ere alaitzen joateko Pirritx eta Porrotx pailazoen ikuskizuna izan zuten auzoan. Ohikoa ez den arren, pregoi bi dituzte Mamarigan. Lehenaz, Itsasoko Ama eskolako ikasleak arduratzen dira. Orain dela urte batzuetatik egiten dute, Lehen Hezkuntzako bosgarren mailan bertsolaritza taldea dago eta urtero eurei egokitzen zaie pregoiaren zati bat prestatzea; bertsotan egiten dute, jakina. Normalean, pregoia irakurtzeko, auzoan nabarmena den pertsona bat aukeratzen dute. Aurten Jai Batzordeak irakurri du. Izan ere, duela pare bat urtetik Santurtziko Udalak diru laguntzak kendu dizkie kultur eta gizarte taldeei. Iaz Jai Batzordeari jaietako aurrekontuaren %35 murriztu dio, eta aurten, %25. «Negoziatu ostean, jai patronaletako aurrekontua igo egin zuten gainera», kontatzen du Enkarni Blanco batzordeko kideak.

Egoera onartu ezinik, Santurtziko kolektiboek eta Jai Batzordeak kanpaina bat abiarazi zuten, sinadura bilketa, zaindariaren jaietako aurrekontua igo dutela eta gainerako talde kultural eta sozialei laguntzak kendu dizkietela salatzeko, ia euren desagertzea eraginez. «Izan ere, urte osoan egiten dituzten jardueren parte handi bat Udalaren laguntza horietatik dator, baita Aldunditik datozen laguntzetatik ere», azaldu du Blancok. Idatzi bat egin zuten, eta auzokoen artean atez ateko diru bilketa. Horrez gain, bizilagun askok artisautza lanak egin zituzten jaietarako dirua ateratzeko, artilezko xalak, mendigoizaleak, eta puntuzko arropa batez ere. Erantzun oso ona izan zuen, beraz, Jai Batzordeko kanpainak, eta pregoian eskerrak eman zizkieten jaiak mantendu ahal izateko laguntza eman duten auzokide guztiei.

Egitarau zabala

Laguntza horri esker, murrizketek ez dute ia eraginik izango aurtengo egitarauan. Irailaren 15era arte ekintzaz beteriko programa antolatu du Jai Batzordeak Mamarigan. Asteburuari ekiteko, Txikigunean zeramika tailerrak izango dituzte haurrek, Meatzaldearekin. Eguerdian, auzoko adinekoentzat herri bazkaria izango da Itsasoko Ama eskolan. Kuadrillek bazkaria prestatuko dute Txikigunean. Urtero legez, gastronomia lehiaketa bat baino gehiago egingo dute Mamarigan. Gaur arratsaldean, tortilla txapelketa izango da plazan. Kuadrillek tortilla berezia egin beharko dute; gainerakoek, berriz, patataz egindakoa. 20.30ean, plazatik abiatuta, kuadrillentzako kantu poteoa egongo da, baina beste edonor ere joan daiteke abestera, noski.

Gauean, Xirimiri taldea arituko da Ballejo plazan. Bestalde, Egan taldeak Ama Birjinaren plaza girotuko du. Asteartean, Babcock musika taldea eta Orfeoi Jarrilleroa izango dira elizan. Ostegunean, Herbehereetatik etorritako Wishful Singing emakume koruaren kontzertua izango da leku berean. Datorren ostiralean, hilaren 13an, Bilboko MCD taldea eta Santurtziko Reo arituko dira. Larunbatean, Xirimiri eta Tximeletarekin erromeria ederra izango da.

Kiroletarako beta ere izango da Santurtziko auzoko jaietan. Futbito txiki eta futbito txapelketak, pala txapelketa, herri kirolak... Ostegun arratsaldean, Santurtziko Itsasalde Pilota Eskolako ikasleek erakustaldia egingo dute; ordu berean, Open Bizkaia txapelketako partidak jokatuko dituzte.

Arrantzaleei omenaldia

Arrantzale Eguna ospatuko dute bihar. Santurtziko arrantzale eta sardineren omenezko eguna da. Itsasoko Ama Birjinaren elizan, meza nagusia entzun ondoren, irteeran dantza alardea eta txistularien saioa izango dira, Mamarigako Etorkizuna dantza taldeak antolatuta. Eskolako patioan itsasoari loturiko puzgarriak egongo dira, eta plazan itsaski dastatze ederra egingo dute hurreratzen direnek. Omenaldia dantza taldeak eta Bihotz Gazteak taldeak egingo dute, 18.30ean. 20.30ean, herriko arrantzale eta sardineren irudiak proiektatuko dituzte.

Presoak ere presente izango dira Mamarigako jaietan, datorren larunbatean, irailaren 14an, Marea Urdina egingo dute, jaitsieraren bukaeran. Jaietako azken egunean, irailaren 15ean, Herrira Eguna antolatu dute. Eguerdian hasiko dira jarduerak, harri-zulatzaileen erakustaldiarekin. Ondoren 13.00etan, «Pintxo preso» pintxo erakusketa eta salmenta egongo da. Arratsaldean, 17.30ean, preso eta iheslarien aldeko «dantzamob»-ean parte hartzeko deia egin diete herritarrei. Eguna bukatzeko, bi pertsonarentzako afaria zozkatuko dute. Gaueko hamarretan, aldiz, ohikoak diren su-artifizialak eta trakak botaz, hurrengo urtera arte agurtuko dituzte Santurtzin, Mamariga auzoko jaiak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo