GARA > Idatzia > Kirolak> Arrauna

Kontxako Bandera

Bandera eskuan izan arte...

Ia hamabi segundoko errenta eduki arren, zumaiarrek nahiago dute garaipena lortu arte ezer ez ospatu.

p045_f01_456x546.jpg

Asier AIESTARAN

Zumaian dena prest dago Kontxako Emakumezkoen VI. Banderaren garaipena ospatzeko. Gipuzkoarrek 11,72 segundoko errenta lortu zuten Hibaikarekiko lehen igandean, eta «Telmo Deun» ontziak aurtengo denboraldian erakutsi duen maila ikusita -Euskotren Liga, Gipuzkoako Liga, Gipuzkoako Txapelketa eta Euskadikoa irabazi ditu, jokatutako 16 estropadetatik 14 irabazita- azken errematea baino ez zaie falta.

Hala ere, eta bandera ez irabaztea kolpe latza izango litzatekeela jakinik, Aita Mari Arraun Elkartean nahiago dute apal jokatu eta garaipena erdietsi arte gehiegi ez hitz egin. «Denboraldi biribila egin dugu. Pausoz pauso joan gara, gauzak ongi egin ditugu orain arte, eta azken errematea falta zaigu. Herrian ilusio handia dago urte hasieratik. Iaz bizitakoa bizita, eta egin dugun denboraldia ikusita, besterik ez da entzuten: `aurten bai, aurten lortuko diagu'. Baina lortu egin behar da. Bandera eskuan eduki arte jai dago», dio argi Kike Manterolak, Zumaiako nesken entrenatzaileak.

Izan ere, eta tarteak horren handiak izan ez arren, zumaiarrek badakite zer den lehen igandean irabazle suertatu eta azkenean banderarik gabe etxera itzultzea. Orain bi urte pasa zitzaien, hain zuzen ere, lehen jardunaldian Galizia bost segundora eta Getaria-Tolosa seira utzi zutenean. Bigarren igandean, ordea, ezin izan zuten lortutako errenta defendatu.

«Orain dela bi urte ez nuen espero. Hirugarren trainerua ginen mailaz, nolabait esatearren, eta aurreneko igandean irabazi egin genuen ezustean. Iaz, aldiz, ikusten genuen gertuago geundela: Euskotren Liga irabazi egin genuen, Gipuzkoako Liga ere bai... Aurtengo mailatik nahiko gertu geunden nire ustez, baina aurreneko igandean huts egin genuen», azaldu du entrenatzaileak azken urteen gainean.

Alde horretatik, Kike Manterolak onartzen du urduritasun apur bat nabaritu duela arraunlarien artean. «Pixka bat bai, normala da gainera. Lehen ere berdintsu egon izan gara. Iaz ez, aurreneko astean kale egin genuelako, baina orain bi urte aurreneko igandean irabazle izan ginen eta ikasi genuen zer izaten den aste hau». Horri aurre egiteko, egunerokotasunari eusten saiatu da: «Ahalik eta normaltasun handienarekin segitzen, ezertxo ere aldatu gabe».

Eguraldi iragarpenak begiratu dituen galdetuta, Manterolak «egunero» aztertzen dituztela dio: «Nik ikusten dudana da bezperarako txarra emana dagoela, eta bezperak lagatzen duen hori aurkituko dugula guk. Aurreko igandean baino zertxobait gehiago agian egongo da, baina askoz gehiago ez. Ematen du giroa berdintsua izango dela, baina bezperan txarra egingo duenez, baliteke zerbait gehiago egotea».

Pertsonalki, eta normala den moduan, emakumezkoen entrenatzailea gustura geratu da aurten lortutako emaitzekin, eta hurrengo urtean ere lanean jarraitzeko asmoa du, nahiz eta betiko zailtasunak aurreikusi. «Ni pozik nago lortu duguna lortuta. Denboraldia amaitu eta handik pare bat hilabetera berriz hasiko gara jendeak zer asmo dituen ikusten eta ea zer gertatzen den. Berriz haste hori zaila izaten da. Oso kirol lotua da eta bakoitzak bere arazoak dauzka», amaitu du.

Getaria-Tolosa faltan bota dute, Galiziako selekzioa ez

Emakumezkoen traineru denboraldia berezi samarra izan da aurten, Getaria-Tolosa eta Galiziako selekzioa, aurreko urteetan punta-puntan ibili diren bi ontzi, kolpetik uretaratu gabe gelditu baitira. Pasai Donibane eta Hibaika lantzean behin Zumaiari gerturatu zaizkion arren -baita mendean hartu ere bakoitzak egun banatan-, «Telmo Deun» ontzia aise nagusitu da lehiaketa guztietan.

Egoeraz galdetuta, Kike Manterolak irakurketa desberdinak egiten ditu kasu bakoitzean. «Pena ematen du iazko lehiakortasun maila egon ez izanak, baina hala ere Galiziak egiten duena, selekzio batekin etortzea, ez zait ongi iruditzen. Getaria-Tolosarena desberdina da, eta horrek bai ematen dit pena handiagoa. Baina galiziarrena, selekzio batekin etorri eta ahal duten dena eramateak ez dit horrenbeste pena ematen. Adibidez, aurten egin dutena. Mecos bezala etorri dira, baina selekzio bat da. Ematen du aurten ez dutela hainbesteko maila, baina guk plaza jarri, denboraldi osoan jo eta ke aritu, eta beraiek selekzio batekin bandera eramatea ez zait ongi iruditzen», onartu du entrenatzaile zumaiarrak.

«Gipuzkoatik sei traineru ateratzen ditugu, Bizkaitik bat eta Kantabriatik beste bat. Selekzio bat egitea askoz errazagoa da. Guk ere hori egingo bagenu, ez litzateke banderarik egongo. Gipuzkoan ontzi bakarra aterata, Kontxak esango luke bi ontzirentzat bakarrik ez dagoela banderarik. Oriok zer pentsatuko du aurten? Estropada denak jokatu, Euskotren Liga ere bai, eta Mecosen izenean selekzio bat etorri delako lekurik gabe gelditu dira». A.A.

AURREKARIAK

Zumaiak Euskotren Liga, Gipuzkoako Liga, Gipuzkoako Txapelketa eta Euskadikoa irabazi ditu, jokatutako 16 estropadetatik 14 eskuratuta. Kike Manterola entrenatzaileak, ordea, oso argi ditu gauzak: «Bandera eskuan eduki arte jai dago».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo