«Zuberoan, sorkuntzarako libertate handia sentitzen dut»
Margolaria
1954an sortu zen Gonzalo Etxebarria Bilbon. Madrilgo arkitekturan hasi zuen ibilbidea, eta, ondotik Debako eskolan ibili zen. 1983an Bilbotik ihes egin behar izan zuen, eta Parisen tarte batez egon ondoren, Zuberoako Mendikota herrian kokatu zen. Bertan Uztaro tailerra sortu zuen. Bi seme ditu, Joanes eta Pette. Azken horrek bideoa lantzen du. Gaur egun, Etxebarria artista nagusi bilakatua da.
Ainize BUTRON | BAIONA
Baionako Carre Bonnat erakustokian, Black and Basque festibalaren karietan, ireki berri den «Euskal arte garaikidea eta Afrikako arte primitiboa» izeneko erakusketan topatzeko aukera izan dugu, azken urteotan, euskal artearen izen handien artean kokatuz joan den Gonzalo Etxebarria margolaria. Parez pare jarririk, umilki, Zuberoako Mendikota herrian tailerra kokatua duen artistak, erakusketaren inaugurazioaren burrunben erdian, bere obra, inspirazioa, artearen historia eta bere ibilbide ezohikoa azaltzeko aukera izan zuen.
Izan ere, Gonzalo Etxebarria ez da edonolako artista. Sortzez bilbotarra, sorterritik ihesi joan behar izan zuen 1983an. Tarte bat Parisen egin ondoren, Zuberoako Mendikota izeneko herrixkan kokatu zen. Geroztik, Zuberoa inspirazio iturri nagusi bezala dauka bere obretan.
Black and Basque festibalerako zuk eta Euskal Herriko beste hogei bat artistak zuen artea Afrikako arte primitiboarekin parekatu duzue. Emaitza oso ezohikoa da...
Ideia interesgarria iruditu zitzaidan. Afrikako maskaren arabera sorkuntza bat egitea. Nik XIX. mendeko maskara bat lantzea aukeratu nuen. Ez nuen ikusi nahi, jakin nahi nuen gauza bakarra zen kolorea, eta zuria zen. Okabe mendira joan ginen argazkiak egitera eta horietan oinarritu naiz obra lantzeko.
Nolakoa izan da esperientzia?
Afrikakoa beste kultura bat da. Garaikideko maskarak ikusiak izan ditut gure kulturan, baina, guk dena gainean jartzen dugu barruko identitate guztia desagerrarazteko. Nik aukeratu dudan Afrikako maskara hildako neska bat zen, eta, bere oroimenez egin zuten, zuri kolorekoa. Gaia inposatua bazen ere, obra hori lantzeak askatasuna ere eman dit, konposaketarako gai inposatua ere askatzailea izan daiteke. Estiloaren aldetik libertate osoa neukan nahi nuena egiteko.
Urteak eman badituzu ere, gaur egun Euskal Herriko artista esanguratsuenen artean kokatua zara...
Hori propaganda besterik ez da, komunikazioa. Ez da hainbestetarako ere; horrela dira gauzak, sailkatu behar dira. Niretzat, egiazko lana sorkuntza da. Horrek, gero izan ditzake ondorio mediatikoak, baina, ez da hain garrantzitsua ere.
Errespetu handia diet Zumeta edo Sistiaga bezalako artistei. Ohore bat da niretzat beraiekin erakusketa bat egitea.
Halere, artista askok ez dute lortzen zure ibilbidea...
Oso harro nago oraindik ere nire margoaz lan egitea lortzeaz. Zaila da, baina, zorte handia daukat klaseak ematen baititut tailerrean eta eskoletan, eta, ez baitut saldu behar bizitzeko. Artista asko angustian bizi dira, saldu ahal izateko zer egin behar duten pentsatuz. Nik libertate hori dut.
Zer ekartzen dizu libertate horrek?
Lan egiten dudalarik nire Mendikotako tailerrean, beti erruak egiten ditut obra bat hasterakoan, eta, erru horiek aurrera egiteko garrantzitsuak izaten dira. Tronpatu zarela onartzea ona da, baina horretarako behar da denbora eta aukera.
Zuberoan kokatu zenuen zure burua orain dela hogeita hamar bat urte eta zure adopziozko bizitokia bilakatu da...
Zuberoak ematen dit gaur daukadan sorkuntzarako libertatea. Bertan, askatasun handia sentitzen dut sortzeko. Idealizatu gabe, Zuberoan, txikia izan arren, sortzaile asko dago, eta, ez dute baitezpada artea eta sorkuntzaren beharra existitzeko, baina egiten dute. Edozein aitzakia izaten da ona ikusgarri bat egiteko. Hebendik elkartea dago, eta berrikitan ere pelikula bat egin zen.
1983an sorterritik joan behar izan zenuen, eta Parisen kokatu zinen. Geroztik errefuxiatu izaten jarraitzen duzu...
Ez dakit nondik datozen egiten ditudan irudiak, baina, seguruenik gertakari horrek garrantzia handia ukan zuen. Sufrimendua inspirazio iturri izan daiteke. Etengabe errepikatzen diren elementuak ikusten ditut nire obretan. Mundua ulertzeko dudan eratik heldu dira seguruenik. Baina, halere, gaur egun, pozik bizi naiz. Semeak Zuberoan bizi dira, bertakoak dira, eta, Zuberoako kulturan barnatuak dira. Gauza asko ez nuen ezagutuko hona etorri izan ez banintz. Zuberotarra sentitzen naiz, gero eta gehiago.
Bilbon zinelarik jadanik hasia zinen artea ikasten...
Arte eskola hasi nuen Bilbon. Ondotik, Parisera joan nintzen, eta, bertan Bergarako tipo bat ezagutu nuen, eta arte ederretan ari zela esan zidan. Arte ederren eskolara joan nintzen ni ere marraztera. Ondotik, Zuberoan kokatu nintzen, eta, Uztaro tailerra sortu nuen. Hori esperientzia handia izan zen formula aldetik.
Zure obra, halaber, koloretsua eta iluna izaten da. Obra lantzerakoan jarraitzen duzu ildo nagusi bat edo inspirazio iturri berezi bat?
Gaiak beti berdinak izaten dira: zerua, lurra, mendiak eta espektroak. Lurraren eta zeruaren arteko lotura horrek asko inspiratu nau. Badira halaber gauza kaotikoak eta organikoak, eta, ondoan, linealak eta ordenatuak. Donibane Lohizunen eginen dut erakusketa bat, eta, bertan hiriaren eta herriaren arteko eztabaida inteligibleari buruzko obrak azaltzen ditut. Gainera, arte asko ikusten dut erakusketen bidez. Asko gustatzen zaizkit arte erakusketak, eta, niretzat inspirazio iturri garrantzitsua dira. Artista anitzek markatu naute. Klasikoek gehienbat, arte barrokoak edo Caravagio bezalako artistak. Artista alemanak eta iparraldekoak gustatzen zaizkit ere, esaterako espresionistak.
Gaur egungo mundu globalizatuan ez da beharbada aproposa galdera pausatzea, baina, zure ustez, bada euskal arte bat?
Zaila da esatea, eta, arte euskaldun bat definitzea. Artean gauzak asko nahasten dira, oso globalizatua dago. Artean interesgarriena da konexioak badirela. Obra bat ikus dezakezu munduaren beste puntan egina, eta hurbileko artista batek egindako obra batekin konexio anitz ikus ditzakezu, nahiz eta elkar sekula ez ikusi.
Eta artista gazte bat aipatu behar bazenu...
Egiazki barnetik egiten diren gauzak dira interesgarriak. Lorentxa Beyris presoarenak aipatuko nituzke. Ideologia kontuetatik kanpo, egiten duen lan plastikoa oso interesgarria da, eta azpimarratzekoa da. Halere, nire irudiko, denak artistak gara potentzialki, eta umeen artea da onena, espontaneotasuna baitu. Horregatik garrantzitsua iruditzen zait transmisioa egitea.
«Niretzat, egiazko lana sorkuntza da, gero horrek ukan ditzake ondorio mediatikoak edo ez»
Atzo ireki zituen ateak Black and basque festibalak Baionan. Bihar arte, euskal artistak eta Afrikakoak elkar gurutzatzea xede duen jaialdi horretan, hainbat estilotako artistak bilduko ditu. Atzo Angelina Kidjo kantaria Baionako hiru abesbatzetako kantariekin batera aritu zen sorkuntza bat eskaintzeko. Izan ere, duela hiru urte, Angelina Kidjo Baionara lehen aldiko hurbildu zelarik, hasi zuten Baionako kantariekin batera harremana, eta lotura horren emaitza atzo plazaratu zen, lehen aldiko, jaialdian. Bihar, igandea, ikusleek, Euskal Herriko eta Afrikako artista horien artean landutako ikusgarria berriz ere ikusteko aukera izanen dute, beti ere, festibalaren karietan.
Gaur, berriz, jaialdiaren egun nagusia izanen da. Baionako Poterne parkean kokatua den jaialdiaren gune nagusiak animazioak zein kontzertuak bilduko ditu. Olerkariak, tailerrak eta animazio ugari izango da bertan. Musika emanaldiei dagokienez, The Afrorockerz, Versus, Melissa Laveaux eta Dafuniks arituko dira. Halere, Kassav Afrikako musika talde ospetsua izanen da gaueko hitzordu nagusia.
Bihar, Angelina Kidjo eta abesbatzetako kantariekin batera, Kalakan eta Stonnie Boys taldeen artean egindako sorkuntza ikusi eta entzuten ahalko da. Horiekin batera, 2Zio, Oxmo, Puccino eta Fanga agertuko dira.
Musikari loturiko emanaldiekin batera, Baionako beste hainbat lekuetan ikusten ahalko dira animazioak. Aurten, arteari leku berezi bat eman diote. Carre Bonnat erakustokian dagoen Afrikako arte primitiboa eta Euskal Herriko artisten obren erakusketarekin batera, 9ème concept ekimenak, Gonzalo Etxebarria, Iker Valle eta Jose Luis Zumeta bilduko ditu Poterne eremua tindatzeko. A.B.
«Lantzen ditudan gaiak beti berdinak izaten dira: zerua, lurra, mendiak eta espektroak. Lurraren eta zeruaren arteko lotura horrek asko inspiratu nau»