Getxo Folk eta Kepa Junkera Galiziara begira
Iaz Mikel Urdangarin eta Cristina Patori egokitu zitzaien GetxoFolk irekitzea eta herenegun Kepa Junkera izan genuen jaialdiari hasiera ematen oholtza gainean, Budiño lagun galiziarrarekin batera eta karpapea beteta
Anartz BILBAO
Kepa Junkera eta Joxe Manuel Budiñorena izan behar zuen emanaldia galiziar musikaren festa bihurtu zen Getxo Folk jaialdiaren irekieran, aipatutako biez gain -orain hogei urte inguru ezagutu zuten elkar eta herri musikak antzera ulertzen ei dituzte; dio Budiñok-, Uxia eta Xabier Diaz (Berrogüetto-ko abeslaria) ere izan baikenituen kantari -Junkerarekin duetoetan-bikotean-; errekaldearraren egitasmo berriak galiziar musikari begiratzen dio-eta. «Kepak lortuko du inork lortuko ez duena, galiziar musikari guztiak batzea», aitortu zuen Budiñok. Kasu, beraz, musika zeltaren zaleok, lana datorren urtea baino lehen argitaratzekoa da-eta.
«Bihar arte» kantuarekin oso fin hasi zuen jarduna Kepa Junkerak, ondoan Iñigo Olazabal eta Argibel Euba perkusioan (pandero eta txalapartan batez ere) eta, kantuei berotasuna ematen, Jose Luis Canal teklatuetan zela. Berrogei minutuko emanaldi xume eta intimoa izan genuen «K» diskoaren kamimseta jantzita -eta ilea luzatzen, kiribiltzen hasia- agertu zitzaigun trikitilariarena. «Fandango», «Zolloko San Martinak»... Herri musikatik abiatuta batzuetan jazzaren inprobisatzeko joerara hurbildu zen imintzioz eta oso modu sentikorrean soinu txikia jotzen duen errekaldearra. Eta trikiak zalea guztiz txunditu zuenerako, «Ultramarinos & coloniales» azken laneko bi kantuk itxi zuten jarduna; azkena «Rekaldehi & Nervyork».
Seikotean (hiru perkusio jotzaile, arrabitaria eta gitarra ondoan zituela), denak beltzez zirela, Joxe Manuel Budiñoren txanda izan genuen gero. Pontevedrako gaita jotzaileak «Sotaque» berria zuen aurkezgai, eta animoso agertu zen oso, soinu modernoarekin eta kaliputsu. Guri, egia esatera, gehiago gustatu zitzaigun bilbotarraren saioa, zer esanik ez sonoritatea.
Soinu nahasiarekin, eguneratutako muñeirak jo zituen Budiñok, «Seran de maias» eta «Arredor»-ekin hasi eta «Danza das bateas» -itsasoko jendeari eskainia- eta «Rapa das bestas» bukatu. Tartean, musikariak dantzara ere ausartu ziren; zaleak ez, ordea. Eta Junkerak zein Budiñok musika tresna guztiak akustikoak bazituzten ere, biek ala biek aurregrabatuak erabili zituzten beren soinua aberasteko.
Hortik aurrera musikalki lausotu egin zen emanaldia, baina hunkigarritasunean irabazi zuen, batez ere Getxon presente zen euskal-galizar komunitate ugariarentzat. Junkera eta Budiñok «Compostela» jo zuten bat eginda, eta jada Uxia eta Xabier Diazekin «A rianxeira» gero, «Bok Spok»-ekin festa borobildu baino lehen. Kanpoan euria ei zen, goitik eta behetik.