GARA > Idatzia > Kultura

Estibalitz EZKERRA Literatur kritikaria

Galerak

Baliteke hurrengo orduetan Siria aspaldikoa den baina atzo goizeko kontua balitz bezala saldu nahi diguten gerraren hurrengo jomuga bihurtzea.

Aurreko asteko zutabean hasitako hausnarketari jarraipena emateko asmoa nuen oraingo honetan. Hots, Jean Rhysen «Wide Sargaso Sea» nobela aitzakia hartuta eta Sandra Gilbert eta Susan Gubarrek «The Madwoman in the Attic» (1979) liburu aitzindariaren gidaritzapean Mendebaldekoak ez diren emakumeak Mendebaldeko literaturan nola errepresentatu izan dituzten modu laburrean aztertu.

Kontu dezente gertatu dira, baina, aurreko larunbatetik hona, eta ezin haiek aipatu gabe utzi. Batetik, literaturaren alde lan eskerga egin duten bi izen handik, Seamus Heaneyk eta Jean Haritchelharrek, utzi egin gaituzte. Bestetik, Obamaren proposamenari argi berdea eman dio AEBetako senatuak eta baliteke hurrengo orduetan Siria aspaldikoa den baina atzo goizeko kontua balitz bezala saldu nahi diguten gerraren hurrengo jomuga bihurtzea. Heaneyren izena Ipar Irlandako gatazkarekin lotzen dute askok, hari poema bilduma bat eskaini ez ezik irlandarren, Ipar zein Hegokoak, alde egin duelako beti poeta zein herritar bezala. Iazko udan, hainbat hizkuntzetako poetak bildu zituen jaialdian Heaneyk berak aitortu zuen une batzuetan zalantzak izan zituela Ipar Irlandako gatazkaren amaiera ikustera iritsiko zen. Jakina, oraindik badira negoziatu, aldatu eta hobetu beharreko gauzak, baina funtsean eztabaida politikoa indarkeriari nagusitu zaiola esan zuen. Bai, badirudi gatazka batzuk gainditu edo gainditzeko prozesuan direla, baina gizakiari kosta egiten zaio aurreko esperientzietatik ikastea. Eta horrela gaude, beste gatazka armatu baten atarian, boteretsuek botere agerraldiak gogoko dituztelako. Ez poesia; poesia, ez.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo