Maider Eizmendi Kazetaria
Bizitzako orbainak
Hiru urte nituen ia betirako nire matrailezurrean iltzatu zenean. Antza, aitonaren hanka barrenetatik ihes egin eta baratzera egin nuen korri, erori eta goldearen gainean erori aurretik. Gogoratzen dut osabaren autoaren atzeko aldean etzanda eta toalla bat aurpegiaren azpian jarrita joan nintzen ospitalera eta erizainek lotu egin behar izan nindutela puntuak emango bazizkidaten. Irudi haiek gerora eroriak utzitako orbaina adina iltzatu zaizkit.
Urte mordoxka pasatu dira ordutik eta nire aurpegia egunero ispiluaren aurrean jartzen badut ere, oharkabea da nire begietara, nire amak itsusi esan ezin eta «itsusi xamar» geratu zela dioen marka hori; izaten da, ordea tartean-tartean ahaztua nuen hori berriz aurpegira ekartzen didanik. «Hara, noiz egin duzu hori?», galdetu zidan lehengoan, egunero ez dut esango baina nahikoa sarri ikusten nauen pertsona batek. Harritu egin zen ezagutzen nauenez geroztik, orbaina matrail azpian dudala erantzun nionean. «Ez zaizu inoiz ezabatzerik burutik pasa?». Egia esan, serio-serio ez -gorputza erabat aldatzen ari zaizun eta ezerekin gustura ez zauden adin horretan inoiz hura ere esan nuen-. Bizitzak utzitako marka da. Geldirik egoten ez nintzen seinalea; besteren bat badut belaunean eta txiki-txiki bat besoan eta etxean diotenez, askoz ere gehiago ere izan nitzakeen, baina eroriaren eroriaz, erortzen ikasi nuen, antza.
Kendu behar ote dudan galdetu beharrean, halako orbainek inori «izaera» ematen diotela esan didanik ere bada. Arrazoirik ez zaio falta, bizitzan zehar pilatzen joaten garen orbainek, bizitzako markek, egiten gaituzte-eta, azalean ikusten direnek eta, batez ere, ikusten ez diren horiek. Amorruz jasotzen ditugun zauriek eta pixkanaka-pixkanaka samurtzen eta ixten ikasten dugun horiek, gozo jasotzen ditugun eta erabat ahaztu ez ditzagun noizean behar zirikatzen ditugun orbain horiek. Baina azalean josita geratutako horiei erreparatzen diegu batez ere; besteak ikustea zaila delako. Parean jartzen zaigunak barrenean iltzatuta geratu zaizkigun markak irakur ez ditzan saiatzen garelako, gero eta gehiago horretan irakasten digutelako eta dugulako... Baina orbainek, kanpokoek eta barrukoek, egin egiten gaituzte.